Nire Rin ttikia
Xabier Otaegi, pailazoa
“Nire Rin ibaia, txikitandik ezagutzen dudana: beti ikaratu nauena eta beti maite izan dudan ibai ilun eta goibela. Beragandik hiru minututara jaio nintzen. Oraindik hitz egiteko eta korrika egiteko gauza ez nintzenean bere ertzean jolas egiten nuen: plisti-plasta jarduten genuen belaunetaraino uretan murgildurik“. Heinrinch Boll idazle alemaniarrak, 1972an literatura Nobel saria jaso zuenak deskribatu zuen era horretan “bere” Rin ibaia 1956an. Idatzi zituen hainbat ipuin eta nobelatan irakurri izan dizkiot Rin ibaiari buruzko aipamenak. Nabari da maite zuela, eta beragan eragina izan zuela ibaiak. Ni Rin famatuaren pareko ibai baten ondoan jaioa ez banaiz ere, beti esan izan dut harro-harro itsasotik 100 bat metrotara jaio nintzela. Gaur beste adierazpen garrantzitsua egingo dut: Urumea ibaitik beste 100 bat metrotara jaio nintzen, alegia, jaiotetxetik ezker aldera itsasoa eta eskuin aldera Urumea, batez beste distantzia berdinera. Nik ez nion sekula santan beldurrik izan ibaiari. Itsasoratze aldeko olatuak beldurgarriak izan zitezkeen, baina itsasokoak ziren, ez ibaiarenak. Beldurra ez, baina nazka ematen zuen ibaiak nire haurtzaroan. Urak beltz-beltzak jaisten ziren, gainaldean apar zikin batek estaliak eta egundoko kiratsa zabalduz gainera. “Ay como huele, huele el Urumea, cuando baja, baja la marea …” zioen garai hartako kantu herrikoiak. Guk ez genuen, beraz, bertan plisti-plasta ibiltzeko aukerarik izan, baina maite nuen ibaia, ezaguna nuen eta bertan gertatzen ziren gauza bitxi guztiek erakartzen ninduten. Gogoan dut oraindik Kursaaleko zubitik, bere buruaz beste egin nahirik, uretara salto egin zuen emakumearen irudia. Hurrengo instante batean Parte Zaharreko gizon batek jantziak kendu eta galtzontzilo hutsetan salto egin zuen ibaira, andrea harrapatu, eta berehala iritsi ziren suhiltzaileen laguntzaz atera, eta salbatu egin zuten. Gure ikastetxea, Santo Tomas Lizeoa, ibaiaren hertzean kokatua zegoenez, gaur egun Bizkaia pasealekua den horretan genuen gure jolaslekua. Makina bat baloi erori zitzaizkigun ibaira gure futbol saioetan. Ibaian lanean, harebiltzaileek –areneroek– jarduten zuten gabarra luze-zabal pisu batzuetan. Haiei egiten genien oihu gure baloia errekuperatu eta lehorrera itzuli ziezaguten. Traste haien mantsotasunari langileen patxada gehituz, askotan hor joaten zitzaizkigun haur koskor taldeari jolasorduko minutu murritzak ibaiari begira, baloia noiz eskuratuko zain. Baina Urumean ikusi dudan gauzarik ikusgarriena joan den abuztuaren 30ean omendu genuen Joxe Aizpuruak oroitarazi zidan: Ur eskia egin zen urte batez ibaian. Joxe 1960-70 hamarkadan, Madrilen bizi zen Larrinaga izeneko donostiar baten txalupa fuera-bordaren gidaria zen. Urte batez Donostian Espainiako ur eskiko txapelketa ospatu zen, eta txalupa ikusgarri hura kosta honetako onena zenez, berak eraman zituen herrestan garaiko eskiatzailerik onenak. Lehiaketak Kontxan egin ondoren gertutasun gehiago izateko erakustaldia ibaian egitea erabaki zenez, berriro, Joxek gidatu zuen, eskiatzaileak atzetik zintzilik, kanoa zoragarri hura Urumean. Haurtzaroan itsasotik Burdinazko zubia artekoa nuen ibaia luzatu egin zait urteen poderioz: Ereñozu, Ugaldetxo, Pagoaga, Arranbide, Goizueta, Zumarresta eta beste inguru askok aberastu dute nire Rin partikularra. 1.230 kilometro luze ordez, 40 kilometro xume besterik ez ditu, baina Heinrich Bollek ez bezala, ia-ia oso-osorik ezagutzen ditut. Ez diot bada batere inbidiarik Nobel saridunari.