'No volvere a hablar en euskera'
Horrelako zigorrak, debekuak, mesprezuak, erasoak… sarritan eman dira gure herrian. Euskaldunok frustrazioz beteriko bizipen ugari ezagutu ditugu urtetan. Normala zena anormala bihurtu nahi zuten, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik ez izatea, alegia. Horrelako adibide ugari zuzenean ezagutzeko aukera izan dugu orain gutxi arte, Egiako kultur etxean ikusgai egon den “euskara ospeletik eguterara, hizkuntza zapalkuntzaren memoria” erakusketaren bitartez.
Gaur egun berriz, tamalez, zapalkuntzarekin amaitu denik ezin dugu esan, horrelako erasoaldiak egunero bizi baititugu eta herritarroi hizkuntza-eskubideak behin eta berriz urratzen dizkigute. Nola ulertu, bestela, euskaraz bizitzeko hautua gauzatu nahi dugunean hainbat lekutan jasandako erantzun desegokiak? edota erakunde publikoetatik euskararen alde hartutako erabakien aurrean jaso diren errekurtsoak eta epaitegira joateko jakinarazpenak?
Horrelako zerbait bizi izan dugu orain gutxi Donostian, DBUS konpainiak lan-poltsa berria osatzeko egin duen lan-deialdian oinarrizko euskara maila eskatu duenean. Kasu honetan UGT sindikatuaren eskutik etorri zaigu errekurtsoa. Gaztelania jakin beharrekoa ezartzen den bitartean, bertakoa eta geurea den hizkuntzak 2. mailako trataera jasotzen du berriro ere, Donostian zerbitzua jasotzen dugun 70.000 euskaldunon hizkuntza-eskubideak kontuan hartu gabe.
Hala ere, hizkuntzaren memoriak erakutsi digun bezala, oraingoan ere baditugu motiboak itxaropentsu jarraitzeko, nola ulertu bestela lurralde honetatik euskara desagertzeko egin dituzten ahalegin guztiekin oraindik bizirik irautea? Argi dago, sufritzen eta eusten jakin izan diogula, eta berdin jarraitzeko asmoa dugula.
Donostiako Euskarak Batzen bilguneak bat egiten du DBUS konpainiak hartutako erabakiarekin. Zoriondu eta animatu nahi zaituztegu etorkizunean donostiarrok euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde lan egitera. Donostia “euskararen hiria” eraikitzera goaz, euskaraz bizitzeko aukerak esparru eta alor guztietara zabalduz.
Juanluis Aranburu,
Donostiako EUSKARAK BATZEN bilgunea