'Nor dago hurbilago?'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Bistan da oposizioak ez duela aukera bakar bat ere galtzen udal gobernuaren kontra egiteko, are eta gehiago egunotan, hauteskunde berri batzuen atarian gaudenean. Estrategia horren azken pasartea greba egunean idatzi zuten, atzoko udalbatzarrean esandakoak kontutan hartu gabe.
Hain zuzen ere, PSE-EE, PP eta EAJ udal taldeak lanera joan ziren asteazkenean, eta greba eguna baliatu zuten Bilduko ordezkariak gogor kritikatzeko; lan uzteekin bat egin zutelako, alegia. Testuinguru horretan, Gipuzkoako komunikabide bateko kazetari batek honako galdera hau planteatu zuen bere Twitter kontuan, oposizioak esanda: «Gaur uholdeak gertatuko balira, non egongo litzateke udal gobernua?», adierazi zioten kazetariari oposiziokoek.
Bada, burua ez da gehiegi estutu behar halako galdera bati erantzuteko; urrutira joan gabe, duela urtebete Martutenen izandako uholdeak asteburuan gertatu ziren, eta udal gobernuko kideek, alkateak buru, ez zuten arazorik izan igandean ere lan egiteko.
Esanak esan, ez dut zalantzarik udal gobernuak badakiela zer egin halako kritika baten aurrean, agintean dagoenetik horixe izan delako ziurrenik entzun duen gauzarik samurrena oposizioko ordezkarien aldetik. Dena dela, lehen aipatutako galderara bueltatuz, oposizioko zenbait taldek aho txikiarekin hitz egin beharko lukete hutsuneei buruz mintzatzerakoan.
Hain justu, Donostian azken urteetan izan den ekimen garrantzitsuenetako bat gauzatzen ari zenean, euren alderdiko agintari gorena ez zegoen Euskal Herrian, nahiz eta gonbidatuetako bat izan. Gainera, ekimen horrek ondorioak izan zituen ordu gutxira, azken hamarkadetako albiste garrantzitsuena ekarri baitzuen: ETAk armak uztea erabaki zuen.
Aieteko jauregian egindako Nazioarteko Bake Konferentziari buruz ari naiz, baita Patxi Lopez lehendakariaren hutsuneari buruz ere. Estatu Batuetan zegoelako ez zen bertaratu, hitzorduaren berri aspaldi zuen arren. Atlantikoaren beste aldean bizi izan zituen Euskal Herrian gertatutakoak, aholkulariek aurretik ohartarazi bazioten ere.
Asteazkenean uholdeak izan balira, hogei minutu eskasetan Martutenera hurbiltzeko aukera izango zukeen alkateak. 2011ko urrian izandako albiste erabakigarria euskal jendartearen ondoan bizitzeko, ordea, hiruzpalau egun behar izan zituen lehendakariak etxera itzultzeko. Bada, nor dago gizartearekiko hurbilago?