Noren gidoia antzezten dugu?
Iraila urtero izaten da asmo berrien hilabetea. Agendak, ohitura osasuntsuagoak eta ikasturteari gogoz heltzeko asmoak berritzen ditugun garaia. Kurtso hasiera honek badu aurrez idatzitako gidoi baten itxura, aurreikuspen batzuetara iristeko egindako biraketa.
Uda hasi aurreko asteetan kontatu ziguten, ia iragarpen meteorologiko bat balitz bezala, iskanbilak egongo zirela gure kaleetan. Eta bai, noski, egon dira. Batzuetan badirudi narrazio jakin bat etengabe errepikatzeak errealitatea bera moldatzen duela, profezia autobete baten moduan. Berri Txarrak-ek abesten zuen moduan, «Gezur bat, egi galdu bat. Gezur bat! Esan gezur bat mila aldiz, errepikatu hitzez hitz, handik gutxira ikusi egi bihurtzen». Errepikatzearen ideia bai, baina iragartzearena ere bai. Fokua gatazkan jarri zen, asalduran, eta ez, ordea, tentsio horiek eragiten dituzten egiturazko pitzaduretan edo gizarte arazo sakonagoetan.
Pitzadura horien artean, gainera, paradoxa mingarriak loratzen dira. Egin dezagun atzera apur bat: iaz, garai bertsuko kroniketan, Amara Berrin janaria banatzen aritu ziren herritarrak omendu zituztela irakurri genuen. Komunitatea zaintzearen balioa goratu zen orduan, elkartasunak saria merezi zuelako. Aurten, aldiz, giroa erabat aldatu da, eta KAS (Kaleko Afari Solidarioak) ekimenaren inguruan ikusi duguna da horren adibide argia.
«Ikasturte honetarako har dezakegun asmorik iraultzaileena sinplea da: ez dezagun diskurtso hori erosi. Ez ditzagun onartu elkartasuna eta autogestioa arazo gisa irudikatzen dituzten narrazioak»
Urte batetik bestera, gure jendartearen parte diren pertsona zaurgarriez arduratzea eta zaintzea susmagarri izatera pasa da. Erosketa orgatxoa arrastaka daramatenak, auzokoak elikatzeko asmoz dabiltzanak, ia-ia ordena publikoarentzako mehatxu baten pare jarri dituzte. Nola pasatzen gara elkartasuna txalotzetik komunitate sareak kriminalizatzera? Zerk eragin du begirada aldaketa hori?
Beldurraren markoa oso eraginkorra da. Segurtasun ezaren diskurtsoak kohesio soziala apurtzen du eta auzokideak elkarren aurka jartzen ditu. Orkestratutako egoera bat da. Erraz kutsatzen den gaixotasun baten moduan, azkar zabaltzen da beldurraren diskurtsoa. Markoa jartzen digute, eta elikatu egiten dute. Egoera prestatzen dute, ondoren gertatutako jazoerek marko horren ideia nagusia berretsi dezaten. Aurretiaz planifikatutako ideietara iritsi zaitezen, gaitezen.
Horregatik, ikasturte honetarako har dezakegun asmorik iraultzaileena sinplea da: ez dezagun diskurtso hori erosi. Ez ditzagun onartu elkartasuna eta autogestioa arazo gisa irudikatzen dituzten narrazioak. Mila aldiz errepikatu arren, egi bihurtzen ez diren gezur horietatik urrun kokatu gaitezen. Herriak herria zaintzen duela sinesten jarraitu behar dugu, eta erosketa orgatxo horiek dakarten elkartasun isilari balioa eman. Eta gogoratu zergatik iritsi den neurri horretara. Eguneroko keinu txiki horietan baitago, askotan, asmo txarreko diskurtsoek ezkutatu ezin duten egiarik handiena.

