Normak plazatik at
15 urte nituela, heziketa sexualeko pare bat saio jaso nituen. Ordurako, jada, pikortaz beterik nuen aurpegia, eta hilekoarekin aspaldi nengoen harremanetan. Masturbazioa aspaldiko kontu bat zen, eta urteak neramatzan mutilekin —onartu gabe, baina neskekin baita ere— ametsetan eta flirtean.
Drogen inguruko klaseen antzera, berandu zetorren klase hau gurera. Hala ere, nahiz eta denboraren problematika garrantzitsua iruditzen zaidan, nahiago dut oraingoan edukiaren eztabaidan sakontzea.
DBHko hirugarren mailan jaso nuen sexologiako klase hura. Nik gogoan dudala —ziurrenik oso gainetik azalduko dut eta informazio asko hamalau urte hauetako bidean galduko nuen—, kondoia jarri behar izan genion platano bati, eta «emakumeak orgasmoak horrela eta gizonak orgasmoak beste horrela» azaldu ziguten. Klasetik atera, eta paretaren kontra jarri zituzten, aulkien gainean, kartoizko kaxen barruan, ehunka kondoi. Nik ere bost segundo behar izan nituen eskua sartu eta kondoi mordoa ateratzeko, motxilan sartzeko. «Zertarako?», nik neuk, eta «berdin du, denek hartu dute eta zu ez zara gabe geratuko», sentitu nuen, gehiegi pentsatu gabe.
Ziortza Karranzak galdera erraza eta ez horren erraza egin zigun: «Gorputzeko zein zona da sexualena?». Guk klitoria eta abarrekoak erantzun genituen. «Ezetz ba, azala dela», erantzun zuen azkenean klasekide batek.
Urteak pasatuta, Heziketa Sexualeko Monitore izateko ikasketekin nenbilela, astean behin klasera nindoala eta sexualitateaz mintzatzen genuela, gure irakaslea zen Ziortza Karranzak galdera erraza eta ez horren erraza egin zigun: «Gorputzeko zein zona da sexualena?». Guk klitoria eta abarrekoak erantzun genituen. «Ezetz ba, azala dela», erantzun zuen azkenean klasekide batek.
Egun, Incisex Sexologiako Masterra ikasten ari naiz, eta sexua pentsatzea benetan zaila izaten ari da. Tradizio askorekin egiten dut estropezu, eta barruan sakonki txertatuta ditugun ideiak nondik datozen ulertzeko ibilbidea luze samarra da. Azaldutako oroitzapen hauen harira, Locus Genitalis deituriko begirada lantzen eta aztertzen dugu, izan ere, gure praktika sexual normatiboenak koitoan —soilik— zentratuta daude.
Horregatik, nire nerabezaroko Andreak ezin zituen sexua eta zakila banandu; kondoia bai, baina inork ez zituen latexezko barrerak banatu. Hala, nire sexualitatearen zatirik handiena genitaletan kokatuta dut, eta ez azal osoan.
Benetan gozagarriagoa izango da askatasun sexuala lortzea, eta horrek gure eta parekoaren erotika arauaren bidetik ateratzearekin bat egin behar du.