Oier Aranzabal: 'Palazioetatik kanpo'
Aurten inoiz baino gehiago hitz egin da Kulturaz Gipuzkoako palazioetan. Inoiz baino gehiago aipatu dira elkarbizitza, bakea eta elkarrizketa txanpain kopen txin-txin hotsaren artean. Baina urtea akitu den honetan, ezin elkarbizitzen segitzen dute Donostia 2016 proiektuaren bultzatzaile behar zuten horiek guztiek. Are gehiago, urte guztia elkarri zaunka igaro dutenak izan dira, azkenean, proiektuaren “legatuari” lore gehien bota diotenak.
Joan da Donostia 2016 kultur hiriburutza eta gertatu dena ulertzeko kultur eragileen balantzea politikarien balantzearekin erkatu besterik ez da egin behar. Jabetzeko ez dela jaio bien arteko zubia eraikiko duen amasemerik. Kultur hiriburutza porrota izan da bere hasieratik bertatik, kulturgintzaren bizkar diseinatu, ehundu eta gauzatu den heinean. Indefinizio erabatekoan hasi bezala, amaitu egin da.
Badator urte berri bat eta ez dakit zuek, baina, nik lasaiago egingo dut lo. Biziraun dugulako, kosta ala kosta. Ez gaituztelako itsasoan hondoratu energia olatuek, itzali direlako behingoz itsasargi guztiak eta ez garelako galdu. Zentzua berreskuratzen hasiko direlako apurka, errepikatzearen errepikatzeaz, higatu eta hustu diren hitz eta kontzeptuak. Hartuko dutelako berriz dagokien traza eta pisua Eta berriz ere artistak antzoki eta lokaletako protagonista xume bihurtuko direlako, palazioko ohorezko gonbidatu izan beharrean.
Bai, horixe zen dena lagunok. Bukatu da eta jende berberak segitzen du plazetan dantzari. Antzeko doinuak entzungo dituzu izkinetan. Argitzen jarraituko du goizetan, gero berriz ere iluntzeko egunaren akaberan. Liburu-dendek zabalduko dute pertsiana beste egun batez, zorionez. Kulturak zegoen leku berean segiko du, bazter batean. Eta agintariei arrotzak egingo zaizkie oraindik ere; artista plastiko, dramatiko, musikari eta enparauen, kezkak, beharrak eta negarrak. Arrotzak izango zaizkie hauen pozak, lorpenak eta hauen mundu xumea.
Palazioetatik kanpo hotza egiten baitu, hobe dugu hotz horretara ohitu, biziraun nahi baldin badugu. Kultura egitea gaur ere atzo bezain izerditsua eta nekeza bezain ederra izango baita. Haizeak petral segiko baitu, palazioetatik kanpo. Horixe da gure destinua, gure legatua.