Olatu feminista politizatuz
Euskal Herriko ertz ezberdinetako erraiei begira jartzean, argi ikus daiteke Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizatzeko eta hainbat borroka pizteko ikaragarrizko gaitasuna erakutsi duela. Izugarrizko salto kualitatiboak eman ditu azken urteetan, baina sistemak ere bere lana egin du; kapitalismoa feminismoaren olatu hau bereganatu nahian dabil, gizartea asimilazio prozesu batean murgilduz. Euskal Herriko Neska* Gazteok, gure borroka artikulatzen ibili gara azken urteotan, tokian tokiko zapalkuntza espezifikoei erantzunez eta subjektu aktiboak saretuz.
Hori horrela, Donostiak gure hitza eta izena izan behar zuela argi genuen, olatu feminista hau politizatu eta artikulatzeko beharra sumatu genuen. Sistema heteropatriarkal kapitalistak bere makinaria guztia martxan jartzen du neska* gazteok feminismoz makillatutako diskurtsoa irensteko. Honengatik, beharrezkotzat jotzen dugu neska* gazteok diskurtso feministari heltzea, biolentzia eta zapalkuntza patriarkalaren aurpegi guztiak ikusaraztea .
Borroka molde berriak artikulatzeko eta saretzeko unea da. Intziriko neska* gazteok Donostiako Piraten Kabotajeari ahots propioz erantzutea ezinbestekoa ikusten genuen. Hortaz, guk gure gain hartu genuen Kabotajea eta Donostia feminismoz bustitzeko ardura.
Puntu morea, irakurketa, hormairudi margoketa eta agerraldia egin genituen Kabotajearen hasiera moduan; piraten elkarlanari esker, jarduerak antolatu genituen eremua gune seguru bihurtu zen. Orokorrean, balorazio positiboa egin diegu gure gunearen barruan sortu diren sareari eta giroari; ez, ordea, handik kanpo gertatu denari. Gunetik kanpo, gure sentitzen ditugun kale eta tabernetan eta seguru sentitu beharko ginatekeen guneetan, ez gara seguru sentitu; eremu hauetan tentsioa, beldurra eta amorrua sentitu dugu. Prebentzio neurriak hartu genituen egun batetik bestera, baina matxiruloek bere horretan jarraitzen zuten, gure taldeko hainbat kide erasotuak izatera heltzeraino. Honek eraman gintuen guretzat etxe diren kale hauetan zapi moreak janztera eta esku orriak banatzera.
Argi dugu ez-jai giroan gertatzen diren eraso guztiek ez dutela bakarrik gure gain erori behar, beharrezkoa dugula gazte mugimendu eta herri mugimenduekin saretze egonkor bat edukitzea, erantzun kolektibo bat emateko. Horretarako, ezinbestekoa da Piratekin lortu dugun harremana sendotzea, benetan feminismoak eta neska* gazteok ahots propioa izan dezagun. Erasoak bizi garen gizartearen isla direlako, indarrak batzea eta borroka molde berriak sortzea da hemendik aurrera dagokiguna.