Olatu kaltegarriak
Eztabaidatu dezakegu olatu artifizialei buruz, oro har, ideia ona ote diren; eztabaidatu dezakegu halakoek itsaso aldamenean zentzurik ba ote duten; baina hemen eta orain proiektu oso zehatz bat dago mahai gainean: olatu artifizialak egin nahi dituzte Antondegin.
Onartzen dut Parisen edo Madrilen biziko banintz, agian neure ikuspegia ezberdina izango litzatekeela; eta azkenean hemen surf-toki artifizial bat eraikiko balute, probatzera joango nintzatekeela ziur asko. Hori esanda, ordea, bat egiten dut donostiar askoren aldarriarekin: «Olatu artifizialik ez Donostian!».
Sei futbol zelairen tamainako lur-eremu aberats eta publiko bat artifizialdu nahi dute, Donostiaren gerriko berdean. Azeriak, azkonarrak, ginetak, katagorriak eta gardulak bezalako animaliak dabiltza bertan, eta 109 hegazti-espezie, galzorian dagoen miru gorria tartean. Zaindu beharreko eremu ederra da Antondegi, ez suntsitzekoa.
Surfaren ikuspegitik ere, kalte nabarmenak ekarriko lituzke halako instalazio batek, gure hondartzetako masifikazioaren arazoa areagotu egingo lukeelako nabarmen. Ehunka surflari berri sortuko lirateke bertan, itsasoan baino errazago eta azkarrago ikas daitekeelako han surfean. Kanpotik ere etorriko lirateke ehunka surflari instalazioa probatzera. Eta gero horiek, guzti-guztiek, gertuko hondartzetan ere ibiliko lirateke, noski.
Gainera, esan dezagun argi: itsasoaren aldamenean olatu artifizialen instalazio bat eraikitzea zentzugabea da erabat, are gehiago trantsizio energetikoan serio sartuta behar genukeen garaiotan.
Udalak eta enpresa batek sukaldatu dute proiektu hau, surf komunitateari, naturzaleei eta herritarrei inongo kontsultarik egin gabe. Itxurak egiteko mahai inguru bat ere ez dute antolatu, eta, elkarte eta herritar batzuk kontra agertu izan ez balira, isil-isilean egingo lukete aurrera. Ez dirudi demokrazia heldu batean bizi garenik.
Arrazoi gehiago ere badira, baina uste dut aipatu ditudanak aski direla egitasmo horren aurka egoteko eta egiteko. Donibane Lohizunerako aurreikusita zegoen antzeko proiektu bat geldiaraztea lortu dute herritarrek duela gutxi. Eta horregatik guztiagatik aldarrikatzen dut, donostiar askorekin batera, «Olatu artifizialik ez Donostian!».