Olerkigintza
Poesia nirekin haserre dago. Hala beharko du, ez baikara ondo moldatzen, eta nik ez diot ezer egin. Harekin izandako harreman gorabeheratsua aspaldikoa da, nerabezarokoa. Izan ere, ikastetxean Lengua española y literatura ikasgaia genuen. Gramatika astuna zen, baina ez, ordea, literatura, batez ere poesiari zegokion atala. Orduan ikasi genuen metrika eta errimarekin jolastuz mota askotako bertsoak osa zitezkeela. Hala ere, politena olerki-adibideak ziren, bereziki XIX. mendeko poeta erromantikoenak eta XX. gizaldiko hasierakoenak, hots, Espronceda, Becquer, Dario eta enparauenak. Metrika, errima eta arretaz aukeratutako hitzen bidez, a zer nolako irudiak, metaforak, musikaltasuna eta, azken batean, edertasuna sortzen zuten! Eta nigan lilura, miresmena eta atsegina.
Jaioterriko ikastetxeko lanekin batera, bukatu ziren niretzat literatur kontuak. Ez, baina, betiko. Urte mordoa igarota, eta bila ibili gabe, halako batean poema batekin topo egin nuen. Zer zen hura, baina? Hura besterik zen! Ez errimarik, ez metrikarik, hitzak zutabe moduko batean nolabait antolatuta… Hura ez zen poesia niretzat. Ezer izatekotan, poesia erdia, azalik gabeko mamia. Ez ninduen gogobete, eta poesia molde horrekin ez nintzen zaletu.
Hasieran pentsatu nuen olerkariek alferkeriara eta errazkeriara jo zutela. Erdiari, formari, uko eginda, edukia landu, apaindu, bihurritu behar, galera konpentsatzeko-edo. Emaitza, maiz, idazkera iluna, ulergaitza. Bai, behintzat, jende xumearentzat, ustezko zein benetako sakontasun horrek ulermena zaildu egiten baitu. Bizpahiru aldiz irakurrita, eta hala ere… Eta behin soilik entzunda, atera kontuak! Eztia ez dela astoarentzat egina? Baliteke, baina, era berean, litekeena da poesia mota hori jende askori urrun geratzen zaion elite batentzat sortua izatea.
Ulertzekoa da sortzaileek bide berriak urratu eta kulturari beren ekarpena egin nahi izatea, eta, horretarako, jakina, iraganarekin hautsi behar. Sarri emaitza ez da herritar garaikideen gustukoa izaten, eta aitorpena gero etorri ohi da, batzuetan, sortzailea hil eta gero. Hil eta gero, salda bero!
Dagoeneko egungo olerkigintzak, aitortza eta onespena ez ezik, gorazarre eta laudorioak ere lortuak ditu, baina ez erabat nire baitan. Hortaz, garbi dago arazoa nirea dela.
Baina bego horretan inor gutxietsi nahi ez duen nire gaurko gogoeta.
Horretaz ari naizela, burura etorri zait gaztaroko gertaera bat. Maila ertaineko Gipuzkoako herri batean udan norbaitek erderazko poesia errezitaldi bat antolatu zuen. Ez zen, noski, eguneroko gauza, eta oporretan zebilen eskola oneko gazte andanak joan behar zuela sentitu zuen. Horien artean sei laguneko kuadrila bat, denak mutilak.
Hasi zen ekitaldia, eta gure lagunak hantxe zeuden erne eta adi, hitzik ez galtzeko ahalegin isilean. Errezitaldia bukatuta, ezinbestean, taberna batean ari ziren saioa aztertzen, eta halako batean batek xalo aitortu zuen: Bada, ni ez nauk ezertaz enteratu. Eta segidan beste bat erasoan hasi zitzaion, nonbait, azpiratu edo lotsarazi nahian: Erdi lo egongo hintzen, edo bestela nik uste baino astakilo handiagoa haiz. Zer esango ote luke poetak hori entzungo balu? Eta besteak: Zer esango lukeen ez zekiat, baina, hi bezala, ni hankapetu asmotan etorriko balitzait, haren armekin, erderazko poesia batekin alegia, erantzungo niokek: «Tú que eres poeta y bellos versos compones, ábreme la bragueta y tócame los…». Haiek eupatekoak eta algarak! Azpiratzailea azpiratuta! Ez zuen asko esperoko taldearen erreakzio hura, eta gizarajoa hantxe zegoen lotsagorrituta zer esan eta non gorde ez zekiela.
Ni haietako bat nintzen, eta poesia hura ez zait geroztik ahaztu. Metrika, errima eta arretaz aukeratutako hitzak dituelako, agian?