On egiten badizu, gelditu hor
Azken urteotan, fake news-ak (albiste faltsuak) fenomeno global bihurtu dira, eta esparru politikoa ez da hortik kanpo geratu. Albiste faltsu hauen eragina ez da soilik desinformazio orokorrera mugatzen; aitzitik, funtsezko tresna bihurtu da eskuin muturreko mugimenduentzat, iritzi publikoa manipulatu, bere babes oinarria sendotu eta aurkariak deslegitimatu nahi dituzten horientzat. Jendartea polarizatzeko asmoz zabaltzen dira mezu horiek, ertz asko dituzten problematiken arrazoia zaurgarria den gutxiengo batean pertsonifikatuz, eta horrela alde edo kontrako jarrerak elikatuz.
Desinformatuta gauden edota gehiegizko informazioa dugun honetan, zuhurtziaz erreparatu behar diogu esaten den hori nork idatzitakoa den eta zer dagoen horren atzean. Fake news-ak eta sare sozialetako trollak ez dira gauza berria, baina, azken asteotan, testuinguru ezberdinetan ikusi ahal izan dugu fenomeno bera gorpuzten. Gurean Telegrameko talde erreakzionario, klasista eta faxistatik hasi, eta Valentziako hondamendiaren testuinguruan espainiar eskuin muturrak zabaldu dituen gezur eta mezu arrazistetara. Edota AEBetako presidentearen hauteskundeen testuinguruan sortutako espektakulu guztia.
«Tokiko komunikabideen garrantzia orain inoiz baino handiagoa da, eta, horien bidez, egiazkoa eta fidagarria den informazioa eskuratu ahal izango dugu»
Segurtasuna izaten da askotan mezu horiek justifikatzeko erabiltzen duten ideia. Segurua den hiria, baliabide gabeko pertsona zaurgarriak barnebiltzen ez dituena. Selektiboa eta baztertzailea. Elkartasuna mehatxutzat duena eta horren aurrean pizten dena. Instituzioen utzikeriari aurre egiteko herri ekimenak debekatzen dituena. Nekropolitika egiten duena? Ez, ez da posible gure Donostia ponpoxoa horrelakoa izatea. Ez dugu nahi gure hiria horrelakoa izan dadin!
Fake news-ak eta bestelako manipulazio tekniken aurka borrokatzea ez da soilik politikaren edo administrazioaren ardura. Komunitate osoaren parte hartzea eta tokiko hedabideen laguntza izateak garrantzi handia dauka, ez baitute informazioa zabaltzeko ardura soilik, baizik eta herritarrei eta erakundeei beren esku dauden tresnak erabiliz erantzuteko ahalmena ematen diete. Tokiko komunikabideen garrantzia orain inoiz baino handiagoa da, eta, horien bidez, egiazkoa eta fidagarria den informazioa eskuratu ahal izango dugu, gure hiri eta herrietako gertaerei buruzko ikuspegi sakonago bat izanez.
On egiten badizu, gelditu hor. Txikitik gauza handiak egiten baditu, elika ezazu. Ongi informatzen bazaitu, babestu ezazu.