Oporrak, edo horrelako zeozer
Teorian udarak eguzkia, oporrak eta joan-etorriak esan nahi du, dena aprobetxatu beharra, ordu bakoitza infinituraino luzatu beharra. Edozein sare sozial ireki eta ur gardena, mendi ibilbideak, udako festak eta argazkiak ateratzeko egindako otordu posteagarriak. Ekaina amaieran hasten da gurpil zoroa eta iraila amaiera arte txikle moduan luzatu, denak uneoro oporretan egongo bagina bezala; edo, behintzat, hala jokatu behar dugu.
Baina erakusleihoaren atzera begiratzen badugu, niri behintzat aspaldi hasi zitzaidan lausotzen udara hasieran sentitu ohi nuen zirrara sentipen sendoa, eta berarekin indarra galtzen joan da udan betiko bizi nahi izatearen sentsazioa. Azken urteei begira, ez daukat oso argi zer den udara eta zer diren oporrak.
Udaberriaren amaierara pilotu automatikoa pizturik iristen naiz, eta uste dut ni bezala beste horrenbeste. Mingaina kanpoan eta egin beharreko guztia bi aldiz pentsatu gabe amaitzen, badirudi ate-joka dagoela udararen eta beraz, oporren promesa limurtzailea. Gainera aspaldi azaldu ziguten merituen ipuin txoroa, denok dakigu txitxarrari zer pasa zitzaion eta eredua inurria dela, edo horrelako zer edo zer.
Orduan, hasieran gutako askorentzat udara lan garaia bihurtzen da, nola edo hala dirua aurrezteko garaia, lan-baldintza kaxkarrak onartu eta aurrera, gure buruan azken urtea izango dela pentsatu nahian. Eta beste batzuetan, zoritxarrez, gutako askorentzat oporrak berdin langabezia dira, nola edo hala igarotzen duzun denbora tartea. Urtean zehar kontzienteki pilaturiko aurrezkiak xahutzen ditugun denbora tarte hori, gure buruari etengabe merezi dugula errepikatu arren, kulpa sentsazioarekin. Etorkizun hurbila galdera ikur erraldoi bat den bitartean, eta gure ingurukoen bizitzetan galdera ikurrak besterik ez daudenean.
Eta betiko leku berera heltzen gara. Egin behar genuela esan ziguten hori guztia egin ondoren, edo ia guztia, edo ezer egin ez badugu ere zer, hala nola gabiltza, hezurrak eta haragia eguzkitan jarri nahian, etengabeko neke eta ito sentsazioa gainean dugula. Txitxarrak behintzat uda ederra igaro zuen.