Oposizioa, herritarren kezkak jasotzeko prest
EAJ
Jeltzaleen arabera, hainbat auzo elkartetako ordezkarik gaur eskatu dutena egiteko badira beste bide batzuk. Behin behineko onarpenaren ondoren hilabeteko epea dago zuzenketak egiteko, eta Eneko Goia, bozeramaile jeltzaleak esan duenez, “prest daude herritarren ekarpen eta kezka guztiak jaso eta eurekin eztabaidatzeko”.
Gainera, datorren astean hasierako onarpena adostuko dutela gogoratu du Goiak, “prozesua luzea da, eta behar diren aldaketa guztiak egiteko ateak irekita daude”.
Sortuko duten lehen barrutia Altzakoa izango da. Goiaren esanetan, “altzatarren egoeran tresna egokia dela uste dugu. Gainera ez dugu ahaztu behar, gainerako barrutiak sortzea hurrengo legealdirako lana izango dela; lehenik Altzakoa abian jarri eta balorazio bat egin beharko da, ondorengoentzako erreferentzia izan dadin”.
Dena dela, gaia lantzeko auzo elkarteekin edo herritarrekin elkartuko direla adierazi du Goiak.
PSE-EE
Herritarrekin biltzeko konpromiso bera agertu du Ernesto Gasco, bozeramaile sozialistak ere. “Dagoeneko bildu gara auzo elkarte batzuekin, eta ulertzen dugu euren ezinegona edo kezka, baina eztabaida irekia da, eta proposamenak jasotzeko prest gaude”, esan du Gascok.
Barrutien prozesuak aurrera jarraituko duela esan du zinegotziak, eta alegazio epean jasotako kezka guztiak aztertu eta kontuan izango dituztela nabarmendu du.
PP
Jose Luis Arrue, PPko zinegotziaren esanetan, “ezin digute eskatu legeari iskin egiteko; legeak betetzeko dira, eta dagoeneko 11 urteko atzerapena daramagu”.
Gainera, zinegotzi popularraren arabera, barrutiak eta auzoak bateragarriak dira: “barrutiak sortzeak ez du esan nahi auzoen izaera desagertuko denik. Begira bestela Bilbo: zortzi barrutitan banatuta dago, eta ederki moldatzen dira”.
Auzo elkarteetako ordezkarienganako errespetu osoa agertu du Arruek, eta barrutiak tresna administratibo onak direla azpimarratu du: “Eskumenak emateaz gain, baliabide ekonomikoak bermatzen dizkie auzoei”.

