'Oraina'
Gozatu dezagun uneaz. Zergatik? Jada, badirelako batzuk, ezkortasunean murgildurik, datorren urtean pentsatzen ari direnak. Hau da, ea Realak talderik izango ote duen hiru lehiaketetan goiari eusteko (Ligan, Kopan eta Europan). Oraindik liga amaitzeko hamaika partida falta dira-eta! Baina… oraindik ez dute ezer lortu eta! Barkatu. Nahastu egin naiz. Zerbait handia lortu dute. Agian ez zaio behar den adinako garrantzirik ematen. Datorren urtean, beste urtebetez, Lehen Mailan jarraituko du talde txuri-urdinak.
«Hori ez duk ezer!», esango du inork. Ba, bai. Eta altxor handia gainera. Lehen Mailan egoteak, besteak beste, aurrera egiteko aukera ematen du; Bigarren Maila, kalbarioa da… Eman diezaiogun, beraz, behar duen garrantzia.
Anoetatik, liga amaieraraino, Valladolidez gain –hurrengo aurkaria–, bata bestearen atzetik, Malaga, Valentzia, Granada eta Real Madril pasako dira. Partida oso erakargarriak guztiak. Goza dezagun Anoetan. Gero, agian, muturreko bat hartuko dugula? Uste dut, aurten, alaitasun uneak askoz gehiago izan direla, oinazeak baino. Egin atzera. Taldeak, joko maila oso duina erakusteaz gain, Bartzelonak, Valentziak, Athletic-ek, Atletico Madrilek… amore eman behar izan dute Realaren aurrean. Hainbeste tripako minen ostean, gozatzeko unea heldu da. Gero gerokoak.
Ah, eta biharko partida ez pentsa xamurra izango denik (Anoeta, 16:00etan). Valladolid denboraldi bikaina borobiltzen ari da. Azpimarratzekoa. Iaz, Bigarren Mailan aritu ondoren, talde orekatua osatu du Djukicek.
Serbiarra, Espainiako ligan lur hartu baino lehen, bere herriko hautatzaile izan zen: Javier Clemente ordezkatu zuen eserlekuan. Duela bi denboraldi Herculeseko lema hartu zuen azken bederatzi partidetan, eta debut egunean, 1-3 irabazi zuen. Non? Anoetan. Drenthek, Real Madrilen jokatu zuen herbeheretarrak partida ikusgarria egin zuen egun hartan. Halere ezin izan zuen Djukicek miraririk egin. Alacanteko taldea Bigarren Mailara jaitsi zen. Deportivo eta Valentziako jokalari ohia, 2011n, Valladolideko entrenatzaile izendatu zuten. Reala, sailkapeneko goialdean edo erdialdean egongo da denboraldi amaieran, hain puntakoak ez diren taldeen aurrean erakusten duen mailaren arabera. Atzean itxi eta txuri-urdinen zain jokatzen duten taldeek arazoak ematen dizkiote. Eta biharko partidan, pazientzia izatea ezinbestekoa izango da. Beraz, helburu handi baten bidean, ez gehiegi berotu, eta ezta lasaitasuna galdu ere.