Oraindik entzun ez ditugun autokritikak. Eta horretarako bada garaia, aspalditik.
Egun hauetan Euskal Herrian gertatutako bortxazko gertakarien inguruan egindako adierazpen batzuen harira, zeinetan ezker independentistari autokritika egiteke duela leporatu diote, azken 85 urtetan izandako zeinu desberdineko indarkerien inguruko debatea ireki dute. Adibidez, 1936ko estatu kolpeak eta ondoren ezarritako erregimen frankistak eragindako 500.000 inguruko hildako estatu osoan (Hego Euskal Herrian 25.000 inguru), horietako 150.000 inguru erailak (mila batzuk Euskal Herrian); zenbaki hauei gehitu beharko litzaieke gainontzeko gizateriaren kontrako krimen kategoria guztiak. Krimen hauek norbaiten edo norbaitzuen autokritika merezi dutela argi dago. Eta hori adierazteko ardura identifikatzeko ez dago inolako zailtasunik: hor daude gure aurrean, besteak beste, PP alderdia (eta bere altzotik ateratako Vox), Francoren ministro ohiek sortutako alderdia.
Egun hauetan 13/13 epaiketan, fiskalak honakoa esan du: “ETA ez da desagertu, erakunde horien kideak bizirik jarraitzen dute”; zergatik ezin da esan bada: “frankismoak, frankistek bizirik jarraitzen dute”, desberdintasun bakarra izanik, orain ez dutela hiltzen? Zer esan Estatu terrorismoaz zenbaitzuei adieraztea falta zaienaz? Non daude Felipe Gonzalezen autokritika adierazpenak? Alta, hor daude GALen krimenen justifikazio publikoak, Rafael Verarenak, edo Ramon Jauregirenak: “Estatuak ez du krimen horiengatik inongo autokritikarik egin behar”. Hau guztiaren aurrean, zera galdetzen dugu: 1936ko estatu kolpe militarra, frankismoa, gerra zikinaren biktimek, ez ditugu eskubide berberak, atzoko eta gaurko gure gudariak omentzeko?
Idatzi honetan aipatu diren indarkeria batzuei, estaldura eta zigorgabetasuna eskaini zaie. Adibidez, gobernu ardurak dituen EAJ alderdiarenak. Hor ditugu Udaberri deituriko proposamenak, ez dakigu ea beraientzat Udazken izeneko bat gordetzen duen. Hor ditugu 4.000 tortura kasu, horietatik 300 baino gehiago Ertzaintzari leporatuak. GALen garaian alderdi hau gai izan zen PSOErekin hitzartutako gobernuak mantentzen “sudurrak estaliz gobernatu behar izan zutela” esanez aurpegia garbituz. Baina, hain maila etiko altua besteei exijitzeko unean omen duen alderdiarentzat, hori nahikoa al da? Non geratu da Artolazabal andereak kasu batzuetan erakutsi duen hitz jario arina, Corcuera Barne ministro ohiaren agindupean HBko politikarien aurka bonba eskutitzak bidali zirela jakindakoan? Alderdi eta gobernu “autonomo”-ko ordezkariak, Artolazabal andereak, “Kasu horiek (bonbenak) ikertu behar dira” esan du. Hori al da dena? Bere etikaren arabera, ez al dagokie, adibidez, krimen horien ikerketa efektibo bat gauzatzen ez den bitartean, PSOErekin dituen harreman guztiak, EAEko gobernuak barne, haustea? Testuinguru honetan, Schopenhauer filosofoak esandakoari so eginez: “Debate honek ez du etikarekin zerikusirik, zinismoarekin eta boterearen aldeko borrokarekin baizik”; hori bada.