Oro ez da loro
Udaberriarekin batera hondartzara joateko plana buruan bueltaka dudala gogoratu dut nola Antiguako amonak txikitan esaten zidan «picodeloro»-ra eramango ninduela. Izen iradokikorra zalantzarik gabe! Bi aukera ikusten nituen nik: agian bertan loroak bezalako animalia exotiko eta ederrak topatuko genituen, edo, bestela, baliteke han itsasontzi pirata batek galdutako urrea aurkitzea. Joan ginenean, ordea, ez bata ez bestea, harri koskor handi bat, besterik ez.
Handik urte batzuetara irakasle batek kontatu zigun eskolan nondik zetorren Pico del Loro delako izen hori. Antzina Loretoko ama birjinari eskainitako ermita bat zegoen bertan eta donostiarrek Loretopea deitzen zioten. Madrildik zetozen turistek izen hori aditutakoan, ordea, loro baten mokoaren antzarekin zerikusia izango zuela pentsatu zuten, eta denboraren poderioz Loretopea Pico del loro izatera pasa zen.
Gure amonak ez daki euskaraz; lanera etorri zen gaztetan eta Donostiako toponimo hau berak jaso zuen moduan kontatu zigun. Eta zer den bizitza handik urte batzuetara hemen nago Loretopean, euskaraz, loro baten antzera nire iritzia zuei kontatzen.