Ospatzekoa
Euskararen Nazioarteko Eguna iristea eta agenda kultur ekintzaz betetzea bat izaten da. Urtero bezala Euskararen Eguna ospakizun multzo batean laburbiltzeak ezinegona sortu dit, ez kontraesanik gabe. Euskaraz ospatu eta gozatu nahi baititugu gure bizitzako une asko eta asko, bera baita momentu bakoitza bizitzeko dugun modua. Baina egun baten baitan horrenbeste ekitaldi pilatzea ez al da zerbaiten sintoma? Kezka sortzen dit urteko gainerako hilabeteetako kultur eskaintzak. Eta euskara lotzeak ospakizunari edo festari hala, haurrei eta txakurrei nola. Euskaltzaletasuna militantziarekin lotzen hasi nintzen garaia datorkit gogora. 16 urte inguru izango nituen Euskal Herrian Euskarazen hasi nintzen garaian. Egiako taldean hasi nintzen, baina Donostian baziren talde gehiago. Giro ederra genuen eta taldeko gazteena izaki, galdera asko nuen argitzeko. Ofizialtasunaren aldarria zer zen ulertzen hasi nintzen. Eta hizkuntzaren gatazka ikuspegi nazionalean kokatzen. Euskararen erabilerari buruzko kezka konpartitzen genuen eta euskaldunon eskubideen defentsan aritzen ginen. Bada, EHEk 40 urte bete berri ditu aurten. Atzera begiratuta, azken urteotan Donostian talde egonkor bat osatzeko ezintasuna izan dugu. Zailtasun honek izango du zerikusirik noski, gure lan moldeak birpentsatzeko eta berritzeko beharrarekin. Eta hortantxe ari gara EHEn, barne prozesu betean, «gure aipamenak izan daitezen beste 40 urtean».
Baina natorren berriz ere Donostiara, euskaltzaleok pozteko moduko zita izan baikenuen azaroaren 16an: Donostiako Euskaltzaleen Topaketak 50 bat euskaltzale bildu gintuen San Telmon. Zahar eta gazte, talde txikitan aritu ginen Bagera elkartekoek dinamizatutako saioan. Esango nuke, saiotik ateratakoan askok poza sentitu genuela. Nolabait, elkarren berri izatearen poza. Donostiako euskalgintzak zein esparrutara iritsi beharko lukeen eta zein egitura beharko lukeen izan ziren mintzagaietako batzuk. Euskaldunon eskubideen defentsaren eta borroka molde berrien beharra ere behin baino gehiagotan aipatu genion elkarri. Hitzordu aberasgarria izan zen, bai eduki aldetik, bai animoei dagokienez. Eta hutsetik hasi gabe, baina inflexio puntuan gaudenaren sentipena eraman nuen nirekin. Orain, indar berri honek segida izan dezan Donostiar euskaltzaleok antolatzen hasteko unea da. Eta aizue, gure artean sarea osatzen hastea bai dela ospatzekoa!