Panfletoak loratzen
Gaur zortzi sartuko gara ofizialki kanpainan, baina ez dakit alderik antzemango ote dugun. Izan ere, Hauteskunde Batzordeak (gauza batzuekin) duen malgutasunari esker, alderdiak aspalditik ari dira topaketa, aurkezpen eta bestelako eufemismoak antolatzen.
Gainera, hauteskundez jositako udaberri honek egoera xelebreak eragin ditu, eta maiatzaren bukaeran diren udal bozen aurre-kanpainak (hor, beste eufemismo bat) inoizko loratze goiztiarrena izan du. Klima aldaketa izango da… Zoro haizea.
Alderdiek aurkeztu dituzte jada Donostiako Udalerako zerrendaburuak, hasi dira batere sotilak ez diren zeharkako mezuak igortzen… eta gogaitu gaituzte dagoeneko. Ba pentsa, udal hauteskundeetarako kanpaina ez dela benetan hasiko, maiatzaren 10eko gauerdira arte!
Hobe dugu indarrak hartu eta datorkigunaz jabetzen hasi, oraingoa akigarria iruditzen bazaigu, azken traka ez baita hobea izango. Zinismoa maila gorenera iritsiko da azken hamabostaldian: Donostia berdeago baten alde postontziak paperez eta gure eskuak (aingira baten moduan ibili beharra dago kalean, hauei izkin egiteko) objektu birziklaezinez betetzen dituzten hautagaiak; Donostia denon artean egiten dugula aldarrikatzen duten baina beren aurpegia baino ez dakarten panfletoak banatzen dituzten zerrendaburuak, egoa DIN A5ean ia kabitu ezinik…
Periferia inporta zaielako plantak egiten dituztenean izaten da onena.
Eta horri lotuta, mesede bat eskatu nahi dizuet Irutxuloko Hitzako kazetarioi. 2007ko udal hauteskundeetan, hautagaiei orriotan egin zitzaizkien elkarrizketak kale-izendegiari buruzko galdera batekin bukatzen ziren: «Zer auzotan dago halako kalea?». Aurten elkarrizketak egitekotan, galdera hori berreskuratuko bazenute… Igoal barre pixka bat egingo dugu, behintzat, beren erantzun eta ezin erantzunekin. Edo negar, ez dakit.