Panoptikotik
Ez dakit zer uste duzun zuk, irakurle horrek, egungo askatasunaren kontzeptuaren inguruan. Agian ez duzu inoiz pentsatu honen inguruan. Aske bizi zarela esango zenuke? Erpin ezberdinetatik jorra genezake gai hau, baina gaurkoan panoptikoaren inguruan hitzegitera nator. Panoptikoa diot, geroz eta segurtasun kamera gehiago ikusten baititut gure kaleetan, poliziaren punta-puntako dronak gure buruen gainetik noiznahi igarotzen, edota politika egiteagatik ezarritako milaka euroko isunak nire inguruan.
Duela dekada batzuk, industrializazioaren garai oparoetan, langileria masa berri oso bat diziplinatu behar izan zen soldatapeko lanera. Egun ordea, lanak zentraltasuna galdu du, ekonomia finantziarizatu egin da eta langileriaren zati bat ekoizpen prozesutik kanpo geratzen ari da, horren adibide da adibidez bizi dugun langabezia kronikoa. Honek, kontrol mekanismo ezberdin batzuk eskatzen ditu gizartea bere osotasunean “demokrazia” honetan integratuta dadin, eta bake sozialak agindu dezan.
Teknologia da egun boteredunek darabilten arma eraginkorrenetako bat. Lasterketa izugarria dago mundu mailan kontrol sozialerako arma teknologiko aurreratuenak ekoizteko eta martxan jartzeko, eta mundu honetako agente guztiak daude inplikatuta; segurtasun enpresetatik, udaletaraino. Beste era batera esanda, teknologia berri hau Ukrainan aplikatzen da, eta armak Aperribaytarrek egiten dituzte; Europako Funtsak nazio-estatuetako administrazioak finantzatzen ditu, eta Donostiako udalak Ertzaintzaren egoitza indartzeko eta adimen artifizialeko kamerak erosteko erabiltzen ditu.
Lapurretak, okupazio saiakerak edota delinkuentzia bera, biziraupenerako lehen premisak izan ohi dira sarri. Protesta sozialak, antolakuntza independentea eta borroka saiakerak, egoera iraultzeko nahia. Egun delinkuentzia-tasa beherakorra den arren, preso kopuru handiagoa dago espetxeetan, eta politika egiteko eskubideak bidesari gogorra du: zigor-espedienteak, milaka euroko multak edota deportazio saiakerak, adibide batzuk jartzearren.
Krisia eta pobrezia arau bilakatzen ari den honetan, kontrol sozialean oinarritutako gizartea eraikitzen ari dira. Burgesiak martxan jarri ditu bere tresna guztiak panoptiko berria eraikitzeko, eta hortaz, eskubide politikoen defentsak, eta askatasunaren aldeko printzipio unibertsalak, lehen lerroan egon behar dute.