Paradoxa
Orainetik etorkizunera begira jartzen garen testuinguru seinalatu honetan, badirudi ez dugula begiratzen gizakion ekosistematik harago. Antropozentrismoan kokaturik, beste espezie eta bizitzen aldeko apustua egiteari uzten diogu.
Kontuan hartuz bizitzaren definizio biologikoa, esango genuke energia-transferentzia homeostasikoko euskarri material bat ezartzeko gai den egitura molekularra dela; beti ere aldeko baldintzetan, inguruneak estimulatzen duenean.
Beraz, bizitza erdigunean jarriz gero, nola bideratu izaki ororentzat aldeko baldintza horiek estimulatzeko euskarriak?
Gaur egun txertoak egoera paradoxiko bat areagotu du, bizitzaren alde egiteko birusaren anikilazioa behar dela edota berekin bizitzen ikasi behar dela ulertuz.
Anikilazioa desberdindu egin behar da agresibitatea eta suntsipenetik. Bizitzarako beharrezkoak diren heinean, lehenak, zerbait ezerezera murriztera, objektua baztertzera eta existentziatik ezabatzera garamatza. Nola, ba, birus bat anikilatu? Bizitzak berez sortzen duen beharrezko elementua anikilatu, ekosistemak iraun dezan? Hau da entzuten den diskurtsoa, eta ez da erreala ekozentrismotik begiratuz.
Agresibitatean, aldiz, suntsitzen ari garen horretan kontaktua mantentzen dugu, zati txikiagotan bilakatzen joanez, hobe barneratu edo asimilatu ahal izateko. Adibidez, janaria irentsi ahal izateko: digestio aparatuak are eta gehiago txikitzen du, molekuletaraino heldu arte.
Bizitzaren asimilazio prozesu desberdinek, adibidez, galerak, hori dena dakarte: agresibitate prozesu bat, gero onarpena heldu dadin. Anikilazioa esperientziarekin lotzen badugu, ihes egitea edo egoera ukatzea izango litzateke. Ez dela existitzen uste badut edo ez badiot aurre egiten, ez da onarpen bat helduko eta arazoa bortxaz paretik kentzeko beste bideak bilatuko ditut: ansiolitiko edo anti-depresiboak esaterako. Honek esperientzia eza, eta, beraz, barneratze eta onarpenik eza ekartzen digu.
Esperientzia gure hanka-sartzeari ematen diogun izena da, eta esperientzian zer da, ba, nobleagoa? Gure arimak zorigaiztoko tiro latzak jasatea ala itsasaldi baten kontra aurre egin eta berauek akabatzea?
Iraganera joateko desirak oraindik etorkizuneko esperantza izaten jarraitzen du. Baina dagoeneko joan da, ez da existitzen iragana eta oraina ere badoa.
Jendearen sentipenak, jarrerak eta iritziak aldatzen doaz. Gure buruari malgutasuna baimentzea inoiz baino garrantzitsuagoa da, esperientzien ondorioz gure barnetik kanporako aldaketak bideratzeko. Bizitzaren alde, daukaguna eta garena onartuz, ekozentrismotik.