Parte Zaharreko danborrada batzordearen oharra
Parte Zaharreko danborrada eta batzordeak, “Sheshenarena” danborrada auzoan sartzearen inguruko albisteen aurrean, bere ikuspuntua ezagutarazi nahi du:
-
Guk ere uste dugu donostiar guztiek danborrada batean parte hartzeko eskubidea dutela. Urteak daramazkigu horren alde lanean eta, horregatik hain zuzen, iruzurtzat eta kaltegarritzat jotzen ditugunak ezin ditugu onartu.
-
San Sebastian egunean danborrada sortu zenetik, Parte Zaharrean elkarteen, soziedadeen eta auzo honetan jarduera eta erroak dituztenen inguruan izan da beti. Eta bertan donostiar guztiek parte har dezakete. Horrela aitortzen digute gure egoitzak urtero betetzen dituzten donostiarrek, horrela jasotzen du helduen danborradako araudiak. Azken honek danborrada batzordeei, baita Parte Zaharrekoari ere, danborradak arautu eta antolatzeko funtsezko zeregina onartzen die. Guk uste dugu, auzoa danborradez lepo bete dagoela ikusita, erabat garrantzitsua dela gera litezkeen balizko ibilbideak auzoan benetako jarduna eta auzoarekin lotura duten erakundeentzat zaintzea.
-
Izan dira bidean geratu diren norbanako eta negozioen saiakerak, Batzorde hau kontra zegoelako eta irizpide horren alde Udalak lehenago jarrera irmoa izan zuelako. Arrazoi horregatik iruzurtzat ditugun erabakiekin ez gatoz bat.
-
Danborrada proiektu bakoitzaren atzean benetako jarduera, eta ez itxura hutsa, izan dadila exijitzeari beste kutsu bat eman nahi zaio modu interesatuan: nolabait gizonezkoen soziedade gastronomikoen saiakera dela jaia kontrolatzeko. Argi dago hori ez dela horrela, Parte Zaharreko Batzorde honetako danborrada asko mistoak baitira, elkarte mistokoak, eta sorburutzat dute kultura, kirola, eskualde jakin bat, eta abar. Eta horiek denek irizpide hau ontzat hartu dute.
-
Beste kupeleko sagardoa da gainerako auzoetan zer egiten den, akaso hori bera ez da Parte Zaharrerako egokia. Gure irizpidea ez da beste auzo batzuetan aplikatzen, izan ere danborrada berriak sortzeak jaia zabaldu eta kaleak girotzen ditu, gure arazoak ez dituztelako han: leku falta eta danborrada asko. Hori gurean ezin da. Norbaitek irudika lezake hau: turistentzako pack-a, ostatua, afaria eta Parte Zaharreko danborrada batean San Sebastian egunean ateratzea? Bada erabaki honek aurrekaria ematen du aukera hori “legaltzat” hartzeko, egingarri izateko.
-
Sheshenareren eskariarekin berdin gertaten da, norbanakoen ekimena da, bidezko eta legezko elkarte itxura eman zaio, baina itxura, formala bakarrik; Batzordea eta danborradak kontra jarri dira –aho batez- auzoarekin loturarik ez zuelako, baina udalak lagundu die legezko itxurari erreparatuta bakarrik, araurik indarrean ez dagoela eta inolako baimenik ez dutela eman esan diguten arren.
-
Ekimen honek auzoari zerbait ekartzen dioten eta oraindik danborradarik ez duten elkarte eta entitateak kaltetzen dituela uste dugu (bizilagunen elkartea, Alde Zaharra K.E., soziedade gastronomiko batzuk etabar), izan ere libre gelditzen den leku eta denbora apurra auzoarekin loturarik ez dutenek hartuko dutelako.
-
Arauak (helduen danborradetako araudia) gure irizpidea ontzat hartzea ahalbideratzen du. Aurreko egoeratan aplikatu izan da eta gainera, danborrada batzordeei danborrada sortu berriei erreparoak jartzeko gaitasuna ematen die, eta udalaren papera erreparo horiek berrestea baino ez da.
-
Azkenik esan beharra dugu aurten beste bi danborrada proiektu izan direla Parte Zaharrean auzoko elkarteek aurkeztuta eta batzorde honen babes osoa eta onespena jaso dutela.
Beraz, aurrekari txarra jarri dela uste dugu eta udalak ebitatzeko aukera eta beharra bazuen. Ikusi beharko denborak zer dakarkigun.