Pilar gogoan
Pilar Iparragirre azaroaren 29an hil zen, eta gertakari horrek zer pentsatua eman dit.
Pilarrek urteak zeramatzan ia egunero Parte Zaharrean bueltaka. Beti egiten zuena: Parte Zaharrera etorri –bera Amara Berrin bizi baitzen– eta ardo batzuk hartu. Auzoan ikusten genuen taberna batean ez bada bestean, eta ezagutzen genuenok hitz batzuk elkarri egiten genizkion.
Gazte zela ezagutu genuenok bagenekien nor zen, bagenekien kazetaria zela eta idazlea ere bai; ezagutzen genituen berak utzi zizkigun liburuak. Adibidez, Likinianori buruz idatzi zuena.
Katalunian egin zen kazetari, eta katalanak asko maite zituen. Gainera, garai batean, behinik behin, sarri joan ohi zen bertara. Gazte zela ezagutu genuen Okendo kaleko Kaputxinoetan, Zeruko Argia astekarian. Hantxe baitzuten bulegoa, eta hantxe egiten zuen lan. Euskarazko astekari bakarrean. Gero, Punto y Hora aldizkarian ere aritu zen, eta, ondoren, Egin-en aritu zen, egunkaria itxi zuten arte. Uste dut garai hori izan zela bere garairik emankorrena. Azkenik, Argia astekarian euskaraz argitaratzen ziren liburuen sinopsi laburrak idazten zituen. Pilarrek idatzitako libururik aipagarriena, berriz, Likinianori buruz idatzitako biografia aipatuko nuke. Felix Likiniano. Ezina Ekinez Egina.
Baina, artikulu hau idaztera bultzatu nauen zioa bere azken urteetako bizitzak eta heriotzak eman didaten zer pentsatua izan da. Horrek bultzatu nau pentsatzera Pilarrek, berak, horrela nahi izan zuela bizitzea eta hiltzea. Bakarrik bizi zen eta bakarrik hil zen. Udala arduratu zen bere hileta kontuez. Berak horrela nahi zuela esango nuke. Kazetaria, euskalduna eta euskaraz idazten zuena. Eta garai horretan ez ziren asko izango baldintza horiek zituena. Pentsatzen dut nahi izan balu beste aukera gehiago izango zituela, beste bizimodu bat izateko. Eta hausnarketa honek narama igogailu sozialari buruz gogoeta egitera.
Guk bizi dugun jendarte honetan zer aukera ditugu igogailu sozial honetan geure etorkizuna eraikitzeko eta bizimodu itxuroso bat prestatzeko? Ziur naiz Pilarrek aukerak izango zituela igogailu sozial horretan gora egiteko, eta bere borondatea izan zela bizi zen moduan bizitzea eta hil zen moduan hiltzea. Igogailu sozialak funtzionatzen du, beti ez bada ere. Ikus dezagun.
Aukera berdinak izango bagenitu igogailu soziala onuragarria litzateke guztiontzako, baina hori ez da horrela. Familia pobre batean jaio denak etorkizunean pobre izaten jarraitzeko aukera gehiago ditu aberats familia batean jaio denak baino, eta aberats familian jaio denak, berriz, aukera gehiago bizitzan aberats izaten segitzeko.
Dena dela, bizi dugun jendarteak aukerak ematen ditu igogailu sozialari esker klase sozial batetik bestera pasatzeko. Kapitalismoa nagusi den jendartean beti dago igogailu sozialak funtzionatzeko aukera, nahiz eta igogailu hori ez izan berdina jendarte guztietan. Herri kapitalista aurreratuetan eta klaseen arteko desberdintasunak txikiagoak direnetan aukera gehiago daude igogailu sozialak funtzionatzeko. Horregatik, AEBetan aukera gutxiago dago eskandinabiar herrietan baino. Bestalde, igogailu soziala probestea klasez aldatzeko, zilegi bada ere, badu bere prezioa eta prezio hori ordaintzeko prest ez daude guztiak. Zer eskatzen du igogailu sozialean gora egiteak? Maiz, zapaldua izatetik zapaltzaile bilakatzea.
Uste dut Pilarrek ez zuela nahi izan igogailu sozial horretan sartzerik. Ikusita bere prestakuntza intelektuala eta kontuan hartuta bizi izan zuen garaia, nahi izan balu, beste leku batean, beste lanpostu batean, beste egoera sozial batean amaituko zuen. Hori da uste dudana, alegia, bera bizi zen moduan bizi bazen, neurri handi batean bederen, berak horrela nahi zuelako izan zela. Bere bizimodua ulertzeko kontuan hartu beharko da bere izaera anarkista, euskaltzalea eta abertzalea.