Pilar Mendibil: 'Pertsonala eta politikoa'
Normalean, ez dugu pentsatzen inor etxean arrotz izan daitekeenik, eta, are gutxiago, arrotz sentitu behar duenik, baina, hala ere, horixe gertatzen zaigu, gero eta gehiago gertatu ere, gero eta gutxiago geure den Donostia honetan… Gaur egun, errazagoa da taberna berri(tu) batean ingelesez eskatu eta lehenbizikoan ulertua izatea, euskaraz eskatuta baino. Negozio gordina, eskrupulu falta eta begiradaren mozdadea juntatzen direnean, hiriaren oreka sozial eta kulturala bera ere arriskuan jartzen dira, eta, harekin batera, herritarren bizimodu eta kultura bera ere. Eta halaxe gabiltza euskal munduaren erdigune omen den hirian, Euskal Herriko hiriburuetan euskaldun proportziorik handiena duen honetan. Eskerrak euskal ekosistemaren goxoenean gauden, bestela…
Ez naiz estatistikazale amorratua baina, diotenez, donostiarren %66k badakigu euskaraz edo, gutxienez, badugu gaitasuna ulertzeko, eta %15 bizi gara euskaraz… inguruko mundu erdaldunak galarazten ez digun neurrian, noski. Beraz, donostiarron %66 izan gaitezke ahobizi edo, behintzat, belarriprest: horiek guztiak martxan jarrita, guztiz aldatuko genuke Irutxuloko kaleetako paisaia linguistikoa; horien erdiak martxan jarrita, guztiz ez baina ikaragarri aldatuko genuke. Feministon borrokaren ardatz nagusietako bat den Pertsonala politikoa da leloak zipriztindu behar du gure eguneroko jarduna. San Sebastian bezperan eta egunean “bagera, gu ere bai!” oihukatzen dugunean, zertaz ari gara, ba? Zer gera? Lagunartea, lantokia, familia, militantzia, zaletasunak, aisialdia: gutako bakoitzaren ni-a eta gure gu kolektibo horiek guztiak dira gure bizimoduaren muina, gure bizitza pertsonala, eta, beraz, gure bizitza politikoa. Izan ere, gaur egun euskaldun bizi garen guztiok euskaldun politikoak gara, honetara ezkero hautu kontziente eta politikoa baita euskaldun bizitzea, utopiaren alde egitea, mundu hobe baten alde egitea, erdia izan beharrean doblea izatea aukeratzea, haize kontra batzuetan, baina geure buruaren alde beti.
Pilar Mendibil, Mugimendu Feministako kidea