Pobreziaren bueltan
Gutxienez 72 langile erailak lanpostuetan, etxe-kaleratze saiakera ezberdinak, 169.877 langabe eta beste 46.659 aldi baterako erregulatzeko espedienteen labirintoan sartuta Hego Euskal Herrian. Azken hilabeteetan pandemia egoeraren aitzakipean eraikitako diziplinamendu egoera ere bere horretan oraindik. Adibide batzuk badira ere, urte berria nola hasi dugunaren adierazle dira.
Bizimodu pobrea nagusitzen den gizartean bizi garela azpimarratu izan dut behin baino gehiagotan. Pobrezia ordea, zentzu ezberdinetan azaldu daiteke. Badira pobreziaren esanahi bortitzenean bizirauten duten pertsonak, bizitzeko ezinbestekoa den hori ere ez dutenak. Gure inguruan, norbaiti agian pobrezia hitza aipatzea gehiegitxo dela irudituko zaio, baina egia esan, langileok bizimodu pobre bat jasaten dugula agerikoa da. Bizimodu pobrea dugu, gizarteak unean une eskaini dezakeenaren eta eskaintzen duenaren artean amildegi erraldoia dagoelako.
Azken mendean zehar, indar produktiboak izugarri garatu dira, teknologiaren industrian zein arlo zientifikoan egindako inbertsio handiei esker. Gaitasun produktiboak soberan daude egun jendeari kalitatezko bizi eredu bat bermatzeko. Modu errazean esatearren, egun jakintza zein baliabide teknologiko eta zientifiko nahikoak daude modu unibertsalean osasun arazo nagusiei aurre egiteko, argindarra gizarte osoaren eskura egoteko, kalitatezko etxebizitzak eraikitzeko, oinarrizko elikadura osasuntsu bat ekoizteko, teknologiaren bidez egunerokotasuneko lanak arintzeko edota aisialdi osasuntsu bat bizi ahal izateko, besteak beste.
Nola da posible orduan, hainbeste garatu diren indar produktiboek eskaini dezaketen kalitatezko bizi-eredu horren berri ez izatea? Nola da posible negu gorrian argindarra ordaintzearekin nahikoa ez, eta %20 gehiago ordaindu behar izatea? Etxe-kaleratzeak, hornidura eskasia, ezegonkortasun laborala edota eduki kultural alienantea pairatzea? Egungo harreman kapitalistetan, gaitasun horien jabetzan dago arazoa. Burgesiaren irabazi nahi asezinak determinatzen du gure bizimodua, gizadiak eskuratutako gaitasun oro, irabazi-dinamikara lotuta baitago. Horrek, ezinbestean, jabetza ororen gabezian dagoena bizi-eredu pobre bat izatera kondenatzen du, are gehiago gazte langileok osatzen dugun subjektu debaluatuaz ari garenean. Lanpostu askoren desagerpena ere, robotikak eta adimen artifizialak menperatutako lan-ereduaren ezarpenaren erruz ematen ari da.
Pobrezia nagusi den krisi garaia, ordea, bada ere langileriak bere zaurgarritasunaz jabetu eta askapenera bidean aurrerapausoak emateko abagunea, une potentziala. Aipu berezia merezi du azken asteetan Euskal Herri osoan bezela, Donostian aurkeztu den kontseilu sozialistak. Langileriaren bizi-baldintzen defentsa egin, posizio estrategikoak indartu eta lan-lerroak martxan jartzeko asmoa adierazi dute. Belaunaldien arteko borroka tresna integrala desjabetuon babesgabetasunari aurre egiteko. Bada esperantza.
Dena dago jokoan, oraindik.