«¡Ponte en pelotas! [Jar zaitez larrugorrian!]»
Igaro den astelehenean Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko emanaldi bat ikustera joan ginen hiru lagun. Ez da zinemaldi honetan Antzoki Zaharrera gerturatzen garen lehen aldia, eta ezagutzen dugu bertako giroa. Bertaratu den orok badaki giro berezia sumatzen dela emanaldi hauetan, garagardo eta patata arteko lagunarteko giroa, ganberro samarra, baina ez txarra bere horretan.
Asteleheneko emanaldian, baina, giro horretan guztiz harrotutako gizonen oihu matxista etengabeak entzun ziren. Bereziki emakumeak oholtzara igotzen zirenean: «¡Tia buena! [Hori neska katxarroa!]», «¡Ponte en pelotas! [Jar zaitez larrugorrian!]», «¡Que se desnude! [Biluz dadila!]» eta antzekoak bata bestearen atzetik, ingurukoen barre algara konplizeek lagunduta.
Sare sozialetan gaiaren inguruko kezka azaldu ondoren, jaialdiaren antolakuntzak ohar bat zabaldu zuen, besteak beste ondoko hau adieraziaz: «Ikusleen aldetik esaten diren hainbat esaldi jaialdi barruko klabe artean ulertu behar dira, ikusle eta gonbidatuen arteko kode konpartitu bat, urteen poderioz aldatzen joan dena». Zintzoki uste dut inolako «barne klabek» ez lukeela halako oihu eta komentario matxistarik onartu behar. Era berean, uste dut kontziente izan behar garela, horrelako jarrerek emakumeen eskubideak zapaldu eta bizi garen gizarte heteropatriarkal hau indartu besterik ez dutela egiten. Argi eta garbi, kezkagarria iruditzen zait Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea bezalako jaialdi publiko eta zabal batean horrelako jarrera sexistak inpunitate osoz bizi direla ikustea, eta uste dut antolakuntzatik halako jarreren inguruan hausnartu eta antzekorik ez errepikatzeko neurriak hartu beharko lituzketela.
–Antton Agirre. Antigua.