Portuko burua
Xabier Arzelus, idazlea
Fermin Muñoz Etxabegurenek Donostiari buruz idatzi duen azken liburuak –San Sebastian: origen y desarrollo de una ciudad– ezusteko galanta eman dit, gure Donostia erromatarrek sortu zutela jakin arazi didanean. Banekien, noski, –donostiar askok bezala– gure hiriburuaren zorupean arkeologoek erromatarren garaietako aztarnak –txanponak, keramika zatitxoak, figuratxoak…– aurkitu izan dituztela. Ez nuen uste, ordea, orain Urgull izena duen mendiaren magalean zegoen Izurun-en erromatarrek herrixka bat sortu zutela, bere hesi eta guzti. Honez gain, herrixkari eman zioten izenetik, Dominus ostia, hain zuzen ere omen dator gaurko Donostia. Are gehiago: aipatu Dominus ostia izenak ez du esan nahi «Ostiako Santua» –Erromako Ostiakoa omen zen Sebastian martiriarekin lotuz– baizik eta «Portuko burua». Erromatarrek Izurunen sortutako herrixkan bizi baitzen portu-buru lanak betetzen zituen funtzionario erromatarra. Hara nola Muñozen liburuak Donostiaz ustez nekizkien datu garrantzitsu gehienak suntsitu dizkidan. Ia bizitza osoan erromatarrak gure artean kasik egon ez zirela sinetsi ondoren, Erromak gure txokoan sortutako hiri batean jaioa naizela jakin berri dut. Ez dakit zuen kasuan, baina nirean gutxienez gure hiriaz nuen perspektiba zertxobait aldatu egin da. Orain arte zera uste nuen, nire arbasoak agian Antigua aldean euskaraz bizi ziren vascones haietakoak izan zirela, edota erromatarrek alde egiterakoan, mende batzuk geroago gure txokora etorri ziren gaskoi haietakoak. Orain, dirudienez, Donostia izan den melting pot honetan erromatarren garrantzia handitu egin da. Datu berri hauen argipean, nire bizitzan izan dudan anekdota xelebre bat premonizio hutsa ez ote zen izan pentsatzen hasi naiz. Kasua da nik ezagutzen nuen pertsona batek, nire deitura hasieratik gaizki ulertu, eta bere bizitza osoan guztiz erromatarra den izen batez ezagutu ninduela: Marcelus izenaz, hain zuzen ere. Sarritan esan nion ni ez nintzela Marcelus, Arzelus baizik. Alferrik izan zen, hil zen arte gizon harentzat Marcelus izan bainintzen. Orain jakin berri ditudanak jakin ondoren, Erromako artxibategi historikoak buru belarri aztertzeari ekingo diot, agian gure hiriburuko lehen jauntxoen erregistroetan Marcelus-en bat aurkitu, haren ondasunak eskuratu eta modu bitxi honen bidez akaso nire krisialdi ekonomikoaren mamuak nolabait uxatuko ditut. Eta alkatetza orain esku onetan dagoenez, ez dut seguruenik kargu horretarako, zalantzarik gabe, historikoki dagozkidan eskubideak erreklamatuko.