'Poser'
Etxean erdi konfinatuta nagoen honetan udari errepasoa egin diot, eta bizi dugun fikzioa ezezagunen arteko elkarrizketa batean irudikatu dut. Hementxe ni ikusi ninduten bi lagunen artekoa:
-Aspaldiko! Zer moduz zaude?
-Ederki! Almeriatik bueltan, Cabo de Gatan ibili naiz oporretan.
-A, bai? Eta zer moduz joan da? Ni hemendik ibili naiz, badakizu denok ezin ditugula Instagrameko oporraldiak egin!
-Instagrameko oporrak? Bua, ez dakizu zer ikusi nuen… badakizu nor den Martin Riella, ezta? Hitzan idazten duen hori…
-Bai, bai. Hitz sakonak idatzi zalea da.
-Ba… ez da horren sakona! Instagramen jarraitzen dut aspaldi, eta opor hauetan argazkiak igo eta igo ibili da.
-Bai, bai, ikusi dut… leku politetan ibili da, eta itxura ederra zeukan.
-Ja… itxura gauza bat da, eta bestea errealitatea. Esango dizut: hondartza batean kointziditu genuen, eta berak ez nau ezagutzen, hortaz, zelatan aritu nintzaion. Lehenbiziko gauza: ez dago beltzaran. Filtroren bat jartzen die argazkiei…
-Bueno, hori askok egiten dute…
-Eguzkitako baten azpian pasa zuen arratsaldea, beroaz kexaka, eta etengabe krema ematen. Bere lagunek ere flipatu zuten, etengabe kexu zelako.
-Ez zait horrenbesterako iruditzen…
-Itxoin, itxoin. Selfieak nonahi. Eta nolanahi. Eguzki betaurrekoekin, gabe, goitik, behetik, erditik…
-Ba, ez zait iruditu horrenbeste argazki igo dituenik.
-Bueno, batzuk bai, e! Atera dituen guztiak ez, noski, bestela sareak suntsituko zituzkeen! ajajaja
-ajajaja
-Momentu batean, arroka batera igo zen, eta bere lagun gizajoari eskatu zion argazkiak egiteko. Ezin duzu imajinatu ‘txoua’. ‘Egin argazkia horrela! Orain bestela! Ez, ez! Zutik! Orain makurtuta! Itxoin, mitxelina tapatu behar dut!’, eta beste hainbat esaldi higuingarri. Hamabost bat minutu pasa zituen, izugarrizko ilara sortuta. Jendea flipatzen ari zen, eta zerbait esatekotan baten bat. Baina hor ez zen espektakulua bukatu. Denok uste genunean ‘fotosesia’ amaitutzat emango zuela, bere lagunari telefonoa eskatu eta beste hamar minutuz aritu zen bere buruari argazkiak atera eta atera. Orduan, andre batek esan zion nahikoa zela, eta berak, andrea ignoratu eta bere horretan jarraitu zuen. Azkenean arrokatik jaitsi zen eta ridikuloa amaitu zen.
-Ufa! ez dut imaginatu nahi zer egin duen bere oporraldian! Beste leku batzuetan ere egon da, eta horrela ibili bada… atera kontuak! Orain uda errepasatu beharko du jakiteko non egon den! ajajaja!
-Orain kiroldegiko argazkiak igotzen ditu, auskalo kirolik egiten ote duen!
-Bai, oporren argazkiena pasada bat da!
-Oporrena bukatu da, eta orain maskoten argazkiak ikusi beharko ditugu!
-Hori ez da gauza bera! Animalien bideo eta argazkiak ederrak dira!
-Klaro, klaro… zuk hortan pasatzen duzulako eguna!
-Aizu! Ez pasa, e!
-E? A, bai, lasai. Bueno, Mikel, berandu nabil eta banoa. Ea laster elkar ikusten dugun eta pote bat hartzen dugun!
-Bai, Antton! Baina utzi alaba etxean, e! Instagramen dezente ikusi dut uda honetan!
-Aizu! Nire alabaren argazkiak ederrak dira, e!
-E? A, bai, barkatu! Benga ba, beste bat arte!
-Aio!
Eta modu honetan pasatzen dugu bizitza. Sareetan erakusten benetan ez garena. Ea daukagunaz gehiago disfrutatzen ikasten dugun!