Posible da Gabonetan arduratsu kontsumitzea?
Fededun izan edo ez, gure kontsumo ohiturek dituzten inpaktuen kontziente izan edo ez, zaila da data hauetan neurrigabeko Gabonetako argiztapen, publizitate eta kontsumoaren atzaparretatik ihes egitea. Azken urteotan, Black Friday, Gabonetako kanpainak eta beherapenak bata bestearen jarraian kokatu dizkigute enpresa eta plataforma digitalek, kontsumismoaren gurpilak etengabe bueltan jarraitu dezan. Hori gutxi balitz, merkataritza gune handiei eta nazioarteko markei gure kaleetan gero eta presentzia handiago izan dezaten erraztasuna ematen zaien hiri batean bizi gara, horren kutsakorra eta bidegabea den eredu hau sustatuz. Hori bai, aldaketa klimatikoari aurre egin eta tokiko merkataritza txikia sustatzeko udal plangintzak hor daude, dena bateragarria omen da eta.
Zorionez, mobilizazio sozialaz gain, posible da gure kontsumo ohituren bitartez benetan jasangarriagoa eta bidezkoa den ekoizpen eta kontsumo eredu bat sustatzea. Lan hori egiten urteak daramatzagu Saretuz sarean. Gure lehen gomendioa, noski, gauza txikiekin gozatzen ikastea da, senide eta lagunekin dugun denbora eta garai honetan pasatzen ditugun uneez gozatzea, opariekin kezkatuta egotea baino gehiago.
«Gure gomendioa da gauza txikiekin gozatzen ikastea, senide eta lagunekin pasatzen ditugun uneez gozatzea, opariekin kezkatuta egotea baino gehiago»
Kontsumo arduratsuaren inguruan gehien errepikatzen den aholkuetako bat eta edozein erosketaren aurretik beti egin behar dugun galdera honako hau da: Behar al du(t)? Erabiliko du(t)? Dagoeneko daukadan zerbait berrerabil dezaket? Konpon al dezaket funtzionatzen ez duen zerbait? Produktu bat erostekotan, garrantzitsua da etiketa ere begiratzea, eta saiatzea jakiten nola eta non ekoiztu den, ahalik eta gertukoena bada, hobeto, bere garraioan gutxiago kutsatuko duelako, eta langileen bizi eta lan baldintza duinak eta eskubideak gehiago errespetatuko dituelako. Bigarren eskukoa izatea ere aukera polita da, eta are gehiago opariak gure hirian sarritan izaten diren artisau azoketan eskuratzea. Gertuko produktu eta dendarien alde egitea beti da onuragarria, komunitatearekin harremanak sendotu eta tokiko ekonomia dinamizatzeko modu bat direlako.
Sukaldean ere, tokiko eta sasoiko elikagaiak hautatu behar dira. Kapritxo bat eman eta urte osoan jaten ez dituzun itsaskiak edo arrainak erosi nahi baditugu, aurrez erosi eta izoztu egin ditzakegu. Betiere, dena bere neurrian, ezer alferrik gal ez dezagun. Eta, noski, inplikatu gaitezen guztiok arduraz erosketetan, sukaldean eta ingurukoen zaintzetan… Ez da soilik amamaren, amaren edo izebaren lana!