Postureoa
Mozorrotzea betidanik izan da gizakion nahietako bat; une batzuez benetan garena izateari utzi, izan nahiko genukeen horretan bilakatzeko. Paumak bihurtzen gara orduan, luma koloretsuak harro astinduz, azpian gordetako miseriak ezkutuan mantenduz. Makillajea erabiltzen dugu besteen aurrean aurpegi ederra erakusteko, arropak tentuz aukeratzen ditugu, eta horrek guztiak huts egiten badu ere, bertan ditugu Instagrameko filtroak, gure erakusleiho birtuala edertzeko prest.
Ez dugu lotsatu behar postureoa maite dugulako; naturala da ingurukoak liluratzeko sentitzen dugun beharra. Zeruan izarrak elkarren artean leihatzen diren moduan, ingurukoei begira bizi gara, gurea baino argi indartsuagoa duenari erreparatuz. Itxurakeriak baina, baditu bere arriskuak; argiei denbora gehiegi begira igarotzen badugu, itsu amaitu dezakegu. Paumaren lumei kasu egitea atsegina da, ederrak eta hipnotikoak direlako; baina noizbehinka ezkutuan mantentzen dituen atzapar itsusiei ere erreparatu behar diegu.
Aste honetan hiria izarrez bete da, eta ez naiz Zinemaldiak erakartzen dituen horiez ari; Fridays For Future gazte mugimenduak nazioarteko protesta deiak antolatu ditu NBEa klimaren gailurrean dela profitatuz. Suziri txikiak dira izar hauek, elkar eginda suzko bola erraldoia bilakatzeko ahalmena dutenak. Eta mundu osoko gazteek bat egin dute, gainontzeko guztioi gogorarazi nahi digutelako Paumaren oinei begiratzea ahaztu dugula, eta lumetatik begiak altxatzea lortzen dugunean beranduegi izango dela azpian ezkutatzen den horrekin ikaratzeko.
Dagoeneko ez da nahikoa geure burua zuritzearekin; birziklatzen dugula edota plastiko gutxiago erabiltzen dugula esan eta telazko poltsarekin erosketak egitera joatea, postureo hutsagatik, ondoren autoa denerako erabili edota kontsumo basatia eteteko saiakerarik egin gabe. Eta berdin politikari, enpresari eta agintariekin; ‘greenwashing’-a edo zuriketa berdea, hau da, erakunde batek bere jarduera ingurumena errespetatuz burutzen duela zabaltzeko egiten dituen iruzurrezko ahaleginak postureo hutsa dira, jendaurrean irudi korporatiboari pauma lumak jartzearren. Eta jendea liluratuko dute, bozak, dirua, babesa eta miresmena lortuz; baina bitartean, gutako bakoitzaren herio sententzia sinatzen ibiliko dira.
Mundua pikutara doala sinistea ahoberokeria hutsa dela pentsatu dezakezu, beharbada postureoa ere praktikatzen duten ekologista zein pseudoekologista histerikoen propaganda soila. Kasu batzuetan, hala izango da. Baina argi izan hau; naturari bost axola zaizkio itxurakeriak, ezkertiar-eskuindar bozkatzaileen pentsatzeko moduak eta orokorrean, gizateriak egiten edo egiten ez duenak. Naturak bertan jarraituko du gutako bakoitza desagertu ondoren. Gizakion luma ikuskizunak bost axola zaizkio. Guda honetan biktimak gu geu izango gara, ez beste inor. Garailerik gabeko gerra hasi dugu; berandu baino lehen amaiera emateko konpromisoa hartzeko gai izango ote gara?