Poz erreala
Garai hauetan poz gutxi izan ditugu. Gutxiegi ezbeharrak atzera uzteko. Nahikoak eguzkipean behar baino gutxiago izan ditugun ezpainei irribarrea eragiteko. Realzaleok izan dugu zer ospatu, nola ospatu handirik gabe izan arren. Emakumeek duela bi urte lortu balentria berdindu dute gizonek Kopan. Biak ala biak ligan goi postuetan sailkatu dira. Eta Sanse ere bigarren mailara igo denez, ondo bidean, Anoetara bueltatzeko aukera franko izango dugu irailetik aurrera. Ilunbera egin beharreko bisitaren ondoren, aldaketa ederra izango da.
Etxeko norgehiagoka horietan Europako taldeak izango ditugu bisitari. Emakumeek denboraldi bikaina eginda ere, postu horiek ez dira Europarako sailkatzen. Mutilek 5. postu batekin nahikoa izan dute Europako bigarren txapelketara sailkatzeko. 7.arekin Europako 3. txapelketa sortu berrira joango ziratekeen, Conference League delakora.
Zorionez, oraingoz behintzat ez du biderik egin Real Madridek sustaturiko Superliga berriak. Superliga honek sasiliga itxia egitea zuen helburu, Europa erdi-mendebaldeko liga gorenetako goi-taldeetara mugatuta, Europako beste herrialdeetako taldeekin edota euren ligetako erdi mailako taldeekin (Reala halakoekin) nahastu beharrik ez. Ezta dirua banatu behar ere, jakina.
Muturreko proiektu hori geldiarazi izanak ez du esan nahi egungo futbol profesionalaren banaketa egokia denik. Gizonen futbolak duen gehiegizko presentzia eta dirutzez gain, banaketa bera ere desorekatua da. Europako txapelketen sistemak liga indartsuenak saritzen ditu. Hortik lorturiko diruari esker, gero eta alde handiagoa dute beste liga txikiekiko. Ondorioz, gero eta diru banaketa desorekatuagoak eskatzen eta lortzen dituzte. Zirkulu eroa.
Aitortzen dut poz handiz hartzen dudala Reala Europara joatea, baina ez da oso bidezkoa lehen bi txapelketa nagusietan herrialde bereetako hainbeste taldea ikustea. Desoreka horiekin ohiturik, normalagoak dira handienen mesedetan gu ere baztertzen gaituzten proiektuak. Beste herrialdeetan ere aukera izan behar dute gure poz hauek izateko. Eta batetik bestera Europan ibiltzeko. Birus zikin honek uzten badigu, bederen.