Primi Erostarbe Etxeberria
Zaila da gizonek deskribatutako hiri batean emakume arrastoa uztea. Donostiako kale izendegiari begiratuta, konturatu gara urteetan aukeratu diren izenak militarrenak, eraikitzaileenak, erregeenak eta erreginenak izan direla, eta ezer gutxi gehiago. Hiriaren berritzearekin eta azken zabalguneekin, emakumeari ikusgarritasun handiagoa emateko alternatibak sortu dira. Baina, oraindik, desoreka izugarria da. Aukeraketa, gainera, ikusmolde elitistegia erabiliz egiten da. Horietako asko emakumeak izan arren, udalak beti bilatu izan du euren «ospea». Baina oraindik, Donostiako kale izendegiaren %6-7 baino ez dira.
Uneren batean egoera hau nola irauli pentsatzen gelditu beharko genuke. Eta, era berean, kontu instituzionalekin, militarrekin edo antzekoekin zerikusirik ez duten kontakizunetan pentsatzea, gizonentzat zein emakumeentzat. Ehunka eta milaka emakumek merezi dute oroimenaren kale izendegi horretan egotea, beste arrazoi batzuengatik. Eta horietako bat ludikoa da. Izan ere, Donostia zerbaitegatik nabarmendu bada ere, jaiengatik, musikarengatik eta inauteri grinagatik izan da. Baita tragediaren erdian ere. Eta oroitzapen honetan falta den horietako bat Primi Erostarbe da. Gutako askok hurbilean ezagutu genuen, 1995. urtearen amaieran, 88 urte zituela, utzi gintuen arte.
Ehunka eta milaka emakumek merezi dute oroimenaren kale izendegi
horretan egotea, beste arrazoi batzuengatik. Eta horietako bat ludikoa da
Bere bizitza gehiena Donostian eman arren, Araotzeko (Oñati) baserri batean jaio zen. Urrezko hiriaren bila Orinoco ibaitik jaitsi zen Lope de Agirreren eta oraindik bizirik dagoen Paulo Agirrebalzategi euskaltzalearen sorleku bera. Txantxiku zen, besteak bezala. Gazte askoren modura, Donostiara iritsi zen lan bila. Oraingo honetan ez haurrak zaintzeko, ezta etxeak garbitzeko ere, Martuteneko taberna batean lan egiteko baizik. Tabernari batekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituen. Etxe handiagoa behar izan zutenean, Loiolara mugitu ziren, eta seme-alabak koskortu zirenean, Donostiako Amara Zaharrera joan eta bertan bizi izan zen hil arte.
Ama izateak eta senar tabernaria izateak ez zion aisialdirako denbora askorik ematen. Seme-alabak hazten joan zirenean hasi zen Primi panderoa jotzen, Araotzen gurasoekin txikitan egin zuen moduan. Eta soinua bere ahotsarekin laguntzen, kantatuz eta irrintziak botaz. Ez zen ohikoa. Trikitilari gehienak gizonak baitziren. Eta bere arrakasta laster iritsi zitzaion. Plazaz plaza. Behin batean, hiru emanaldi egun bakarrean: Logroño, Zestoa eta Donostia. Argia-rekin antzerkia egin zuen eta hogei urtez Goizaldi dantza taldearekin batera aritu zen Euskal Herrian, baina baita Madrilen, Parisen, Suitzan, Alemanian eta Austrian ere. Aiako Balendin Aldalur Iruretagoiena, bera baino 23 urte gazteagoa izan zuen trikiti lagun. Bien artean, milaka kilometro egin zituzten.
Euskal Herriko jai gehienetako agertokietan 37 urte eman zituen, herriaren errekonozimendua lortuz. 1982an, senarra larriki gaixotu zenean, bere jarduera betiko utzi zuen. Batzuetan, ordea, Easo plazara joaten zenean, sanjoanetan edo saninazioetan, nostalgiak harrapatzen zuen, eta, akordeoiren batekin, irrintzi batzuk botatzen zituen, bizilagunen gozamenerako.