'Minbizia eta burujabetza'
Ramon Labaien, idazlea
2012. Krisialdiaren bosgarren urtea, eta ez dakigula zenbat falta zaizkigun, berriro argia ikusteko. Eta langabezia, gero eta jende gehiago zapaltzen. Hiltzen direnak kanposantura eramaten ditugu, eta langabezian daudenak, gizartetik baztertu ditugu. Langabeziaren epidemia horren ondorioak: batetik, diru eskasia, eta bestetik,bereziki, bakardadea; paria bihurtu zarenaren konplexuarekin. Bai bere lehenengo lanpostua lortzeko aukerarik eduki ez duten gazteentzat; baita ere langabeziak txikitu dituen arte, bizi osoa lanean ibili direnentzat. Nolabait, gizartearen dinamika normaletik kanpo gelditu direnak, itxaropen gabeko zokoan. Benetan goibela izan dugun urte berri honen hasierak, hala eta guztiz ere, bere kontrasteak ekarri dizkigu. Donostiar gehienak ekonomiarekin zalantzan, eta Joxemaritarrak, beti alai eta beti serio, horrelakoak izaten baitira gure Herri honen liturgiak, danborra jotzen eta kaleak alaitzen. Sarriegiren musikarekin. Jatetxeak beteak, patrikak erdi hutsak, angulak aspalditik eta betirako segur aski desagertuak. Ikusia dago, ordea, San Sebastian egunaren bezperan, baso erdia pintxoarekin nahikoak direla bihotzak berotu eta tristurak uxatzeko. Eta Konstituzio plazan, jendetzak lehertzen zuela, urtero bezala, gora Donostiako ikur zuria; eta aurten berriro, Ikurrina ere airean dantzan. Gauden lekuan gaudelako eta bakoitzari berea delako zuzenbidea. Eta prosara bihurtuz, berriro langabeziaren minbizia. Raxoi jaunaren erantzunak? Enpresari, lantegiari, ematen zaizkion ahalmen berriak dira nabarmenenak. Langileak kalean uztea askoz merkeago bihurtuz, kasu bakoitzean lantegiak behar duen langile kopurua zuzendarien eskuetan utziz, eta sobera direnentzat betikoa, kalea. Eta langileriari eskaintzen zaiona, esan liteke, hegohaizea dela. Zalantzak, beldurrak eta itxaropenak, denak nahastuta. Raxoiren iritzia, langileen kaleratzea errazagoa bihurtuz, kontratatzea ere, behin enpresariek duten beldurra kenduta, segidan hasiko dela berriro. Ez ote da gertatuko, lanpostu bat sortu eta hamar kenduko direla? Ikusiko dugu, itsuak zion bezala.. Badira ere beste neurriak, Raxoik aipatzen ez dituenak, ziurrenik Espainian ez liratekeelako posible izango, baina Euskalerrian bai. Adibidez langabezi garaia, birziklatze ordaindu bihurtzea. Langabezian usteldu beharrean, berriro eskolara, eta mota horretako eskolara joateko eskubidearekin… Ziur izateko, berriro lanean hastean, langileek, hain aldakorrak diren egungo teknologiak ezagutzen dituztela. Badirudi Euskalerriak ez duela eskubiderik horrelako neurririk hartzeko. España Una y Parada denontzat. Eta betiko galdera, noizko gure burujabetza?