'Reala... eta Bera Bera Eskubaloia'
Zubieta jendez lepo zegoen asteazkenean, jai eguna izanik, realzale asko joan baitziren Realeko jokalarien entrenamendu saioa ikustera. Pasioa piztu dute txuri-urdinek aurten, Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeko borrokan daudelako eta aspaldiko joko onena egiten ari direlako. Duela hamar urte, Ligako txapeldunorde izan zirenean bezala, frantziar bat da taldearen lemazaina. Zaleak poz-pozik dira, eta ahaztuta dituzte dagoeneko Montanierri iragan laburrean egindako kritika zorrotzak. Anoetan festa izaten da asteburu batean bai eta bestean ez; hamabost eguneko aldearekin, tartean Realak etxetik kanpo jokatzen duelako, horregatik bakarrik. Bestela, astebururo entzungo lirateke txalo, lelo eta oihu zaparradak.
Bitartean, albiste onei dagokienez, kalean txuri-urdinen balentriak bakarrik hizpide diren honetan, Bidebietan ere handia ari dira egiten, oharkabean pasatzen ari den arren askorentzat, emakumezkoen kirolarekin zoritxarrez gertatu ohi den bezala. Hain zuzen ere, Bera Bera Eskubaloiak eskuetan du Liga. Kopa irabazi du aurten, baina, horrekin konforme ez, eta bere historian lehen aldiz altxatu nahi du Espainiako emakumezkoen eskubaloian dagoen garaikur preziatuena.
Bihar historia egin dezakete donostiarrek. Bi jardunaldiren faltan, Bera Bera lehenengo postuan da, 43 punturekin; Elx bigarren da, 42 punturekin; Ro’casa hirugarren da, 40 punturekin; eta Alcobendas laugarren da, 36 punturekin. Lehenengoak hirugarrenaren aurka eta bigarrenak laugarrenaren aurka jokatuko dute, hots, Bera Berak Ro’casaren kontra (Bidebieta, 19:00). Irabaziz gero, Liga poltsikoan luke Bera Berak, azken jardunaldian azken sailkatuaren etxean jokatuko baitu, eta Castro Urdialesek norgehiagoka bat soilik irabazi du. Irabaziz gero, eta Elxek bihar berdindu edo galduz gero, txapeldun litzateke larunbatean bertan.
Biharko partidaren garrantzia ikusita, Reala bi orduz alboratzeak merezi duela uste dut, Bidebieta betetzeko.