Rosa Valverde Lanfus
Genero berdintasunean nabarmen egin dugu aurrera, baina oreka lortzeko milaka atal geratzen dira. Adibide oso bistakoak daude, Gipuzkoako mugaldean, alardeen tradizioaren aitzakiarekin, esaterako. Horiek erakusten dute talibanek ez dutela soilik Afganistanen lan egiten. Etxean ere kasu. Talde lana inurri ibilaldiaren erritmora doanez, abiadura ezarri behar delako kexatzen gara. Baina badakigu, bestalde, inurria beti iristen dela helmugara. Beraz, talibanak garaituak izango dira. Denbora kontua.
Beste adibide berezi bat, oraingoan oroimenerako testuetan, Grupo Gaur deitu zuten artista kuadrilla hari buruzko kronika da. 1966an sortu zen, frankismo garaian Gipuzkoan, bere historiari buruzko sarrerak, gutxienez kontsultatu ditudanak, gizonezkoak bakarrik deskribatzen dituzte protagonista gisa: Oteiza, Basterretxea, Zumeta, Mendiburu, Txillida… Taldea laster desegin zen, eta urte batzuk geroago beste belaunaldi abangoardista batek ordezkatu zuen: Llanos, Ameztoy, Goenaga… Baina ikusezintasuna emakumeentzat. Rosa Valverde emakume abangoardista horietako bat izan zen, kronikek justiziarik egin ez dioten horietakoa.
«Kale izendegian, Donostiako Udalak Rosaren aita gogoratzen du. Ayaldek merezi zuen. Ez, ordea, alabak?»
Rosa Donostian jaio zen 1953ko neguan, eta artista familia batean hazi zen. Aita, Antonio Valverde, Ayalde, margolaria zen. Anaia, Antton, kantautorea eta beste anaia, Javier, margolaria. Rosak Florentzian grabatu eta estanpazio ikasketak egin zituen, eta 1978an erakusketa bat plazaratu zuen lehen aldiz San Telmo museoan. Behin batean esan zuen Picasso, Dali eta Kandinskyren estiloek eragina izan zutela bere hastapenetan. Eta Ameztoyk surrealismoan sartu zuela. Donostian eta Baionan egin zuen lan, irakasle gisa. 1984an tailer bat zabaldu zuen, Intxaurrondo auzoan. Bost urte geroago, arte plastikoen espresiorako tailerra zabaldu zuen Donostiako Prim kalean. Urte batzuk geroago, 1997an, Azkainen finkatu zen, behin betiko. Han sortu zuen Kalerna estudioa, eta haurrei ere ikasketa artistikoak eman zizkien. Aipamen batean irakurri dut bere lanak «inozoak, surrealistak eta psikodelikoak» zirela. Kritikariren batek naiftzat jo zuen bere lana.
Rosa tragikoki hil zen 2015ean, bere urtebetetze egunean. Lehenago, elkarrizketa eman, eta honako hau esan zuen: «Nik margotzen dut bizi larritasun handia dudalako, margotzea gustatzen zaidalako, margotzen ez dudanean gaizki sentitzen naizelako, kolorearen eta harmoniaren mundua behar dudalako. Gustatzen zait kolorearen eta gaiaren bitxitasuna, gustatzen zait obrak inoren antzik ez izatea, pertsonala eta nirea izatea. Ez dut uste gustu txarrik dudanik, batzuek esan didaten moduan. Nire gustua dudala uste dut».
Kale izendegian, Donostiako Udalak Rosaren aita gogoratzen du. Ayaldek merezi zuen. Ez, ordea, alabak? Militar gehiegi aipatuak daude hiriko kale izendegian. Bada garaia hori aldatzeko. Eta aldaketarako, aukera ugari dago.