Saiatuko naiz
Mezu luze bat heldu zitzaidan, baina laburbilduz hau zen galdera: idatziko duzu? Eta jarraian zalantzaz estututa eskuak burura. Zer esan dezaket? Nik zer dut esateko? Nola ez, dramaren erregina, hizki larriz bizitza.
Beste behin, erabaki baten aurrean, urteak bete ahala, gero eta gehiago direlakoan nago, 90eko uzta hor noraezean gabiltzala iruditzen zait sarri. Amesgaizto handiena: erabakiak, erabakiak eta erabakiak. Eta askotan badakit ez dela komeni gehiegi pentsatzea, jasanezina izan naitekela. Eta askotan beldurra dela nire beldurrik handiena. Noski, oraingoan ere beste alde batera begiratuz gero, segi zuloan, Sara, ilunpetan ikustezina omen da zure zauria.
Eta zerk geldiarazten nau? Iritzien beldur naiz? Edo arrunt izateari beldurra ote diot? Besteek zer esan zain nago? Ezin dut ezkutatu inon besteek esaten dutenak nahiko nukeena baino goibeltzen dizkidala egunak. Nahiko nukeena baino gehiago gertatzen zait, pareko begiekin norbera epaitzea. Orduan sarri kameleoia naiz, azala etengabe neurtzen, azkar itoko dena, besteei korrontea jarraitzen. Zeren azkenerako, gustuko ez dudan arren ez naiz hain desberdina.
Dena ez da hain iluna ere ez, noizbehinka egotrip momentu txikiren bat ere izaten dut, os lo juro que es la ostia, lo que tengo que contar. Baina azkar pasatzen zait. Hortaz laino beltzek hitz egiten jarraituko dute, eta zer? Ekaitzaren barruan beraiek daude. Eta, azkenerako, hemen naiz, baiezkoa eman ostean: no es cuantos colores ves, sino a donde hay que mirar, si no depende de mi ¿todo eso que más da?
Hortaz, hemendik aurrera saiatuko naiz, ez dirudien arren.
*Merina Gris talde donostiarraren hitzak dira, testuaren arabera moldatuta. Zenbat aldiz entzun daiteke disko bera?