«Saiatzen ari gara»
Bi adibide besterik ez dira, baina adierazgarriak. Lehena urte honetako irailekoa da, Donostiako Londres hotelean egin zen prentsaurrekokoa. Alardea telesaila aurkeztekoak ziren bertan, eta aktoreez gain, ETBko zuzendaria ere han zegoen. Atera zituzten argazkiak, eta mikrofono aurrean azalpenak ematen hasi zirenean, gaztelera izan zen nagusi, telesaila euskaraz izanagatik ere. Bigarren adibidea 2018ko martxokoa da. Osalanek 2017ko lan istripuen txostena aurkeztu zuen Barakaldoko egoitzan, erakundeko zuzendariaren, eta Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuaren zein sailburuordearen parte hartzearekin. Hirutik bi euskaldunak ziren, eta, halere, gazteleraz egin zuten agerraldia. Prentsa arduradunari azalpenak eskatuta, hona erantzuna: «Arrazoi duzu, saiatzen gara ahal duguna egiten».
Bi adibide besterik ez dira, baina prentsaurreko batetik bestera dabilen kazetariaren egunerokoa irudikatzeko balio dute. Are nabarmenagoa izan da hori pandemiaren lehen hilabeteetan: koronabirusari aurre egiteko hartu ziren neurrien berri emateko gaztelera lehenetsi zuten Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak. Agerraldietan, eta baita oharretan ere. Lehen aste horietan ohikoa izan zen aurrena gaztelerazko testua jasotzea, eta kasurik onenean, handik ordubetera iristea euskarazko bertsioa, kazetariak albistea bideratuta zuenerako. Horrekin guztiarekin mezu argia transmititzen ari ziren erakundeak: informazio garrantzitsua helarazi behar denean, euskara ez da baliagarria, edo bigarren mailakoa da.
Egoera horren aurrean, abuztuaren hondarrean 350 kazetari euskaldunek honako eskaera egin zioten eratzear zen Jaurlaritzari: arduradun nagusiek euskaraz jakin zezatela. Osatu zen gobernua, eta sailburu euskaldunen presentziak gora egin zuen arren, ez dakite denek.
Egunotan agintari asko ikusiko ditugu ahobizi edo belarriprest txapa bat paparrean daramatela, euskara erabiltzeko borondatea erakusten duten identifikagarriekin, hain justu. Euskaraldia amaituko da, eta kazetaria eguneroko jardunera itzuliko da. Entzungo du ostera ere «saiatzen gara» gisakoak, eta euskaraz informatzen jarraitzeko ahalegin berezia egin beharko du. Mikrofonoen aurrean erdaldun elebakarra duenean batez ere, eta euskalduna denean, hiztun horren borondatearen arabera. Dena ez baita euskara jakitea edo ez, saiatzea edo ez —hori garrantzitsua bada ere—. Betebeharra ere bada. Eta hori ekintzen bidez erakusten da: zenbaterainokoa den euskaraz informatzeko konpromisoa, zenbatekoa den hizkuntza eskubideekiko errespetua. Bestela, orain arteko mezua bera helarazten jarraituko da: euskara ez dela nahikoa informazio garrantzitsua igortzeko.
Lander Muñagorri Garmendia, kazetaria