Santiago Diaz
Ez zen donostiarra, baina haren ibilbide historikoak Gipuzkoako hiriburura lotu zuen betiko. Sator bat izan zitekeen, La trinchera infinita filmeko protagonistaren moduan, Arregik, Garañok eta Goenagak 2019ko Zinemaldian aurkeztu zuten filmaren harira. Manuel Cortes Mijasko (Malaga) alkate satorrak 30 urte eman zituen ezkutuan, talde falangistek hil ez zezaten. Baina gure protagonista beste bat zen: 18 urte baino ez zituen; errioxarra zen, Villamediana herrikoa, eta ezin izan zuen sei hilabete baino gehiago iraun ezkutuan. Donostian ezkutatua.
Istorioa 1936ko azaroaren 26an hasi zen, hiltzaile talde batek Francisco eta haren emaztea bahitu zituenean. Francisco militantziagatik hil zuten, Alderdi Komunistako kidea zen; eta emaztea kartzelan sartu zuten. Senar-emazteek lau seme-alaba zituzten. Haietako batek, Santiagok, bi urte baino ez zituen.
Borreroen artean Esteban Santolaya Lapuente zegoen, oposizio klandestinoko egunkariek azaldu zutenez. Errepublikaren garaian herriko langileen aurkako hainbat erasotan hartu zuen parte. Espainian «falangista» izena jasotzen zuen faxista bat. Villamedianako alkatea izan zen lehenago, eta Cateto ezizena zuen.
1952ko maiatzaren 15ean, Villamedianako Udalak San Isidro eguna ospatzen zuen, eta lagunak gonbidatu zituen. Gazte talde bat festan sartzen saiatu zen, baina baztertu egin zituzten. Horien artean Santiago zegoen, «zor handia daukat aspalditik» eta «mendeku eguna iritsi da» oihukatzen zuena. Santiagok labana batekin eraso zion Santolayari, baina kideek menderatu egin zuten.
Bi egun geroago, ordea, Santiagok Santolaya hil zuen zelai batean, aitzur kolpe batez, eta, hala, amaitutzat eman zuen aitaren heriotzaren mendekua. Gazteak inguruko mendietara ihes egin zuen, eta noraezean ibili zen, bi hilabetez, gorde eta elikatu zuten lagun eta senideen babesarekin. Guardia Zibilak gertutik jarraitu bazuen ere, ezin izan zuen atxilotu.
Ekainaren 26an, bere anaiaren, Logroñoko taxilari baten eta frankismoaren biktimen seme-alaba batzuen laguntzarekin, Santiago Donostiara iritsi zen. Bertan, anarkista zahar batek hartu zuen Ategorrieta auzoan. Anarkista horrek gerran beso bat eta hanka bat galdu zituen. Bere etxean hiru hilabete eta erdiz egon zen ezkutatuta errioxarra, Ipar Euskal Herrira eramango zuen mugalariarekin harremanetan jartzeko zain.
Baina Santiago oso urduri zegoen. Ezin zuen etxean egon eguneko 24 orduetan, itxita, kaleko argia ikusi gabe. Hala, fruta merkatuan hasi zen lanean, eta aste batzuk geroago, lasaiago, futbolin eta dantza aretoetara joaten hasi zen. Azkenean, poliziak bere irteerak atzeman zituen, eta atxilotu egin zuen. Modu basatian torturatu zuten Donostiako kaian ainguratutako itsasontzi batean. Atxiloketaren berri izan ez zedin, Logroñora eraman zuten ondoren, non torturak areagotu egin ziren.
Santiago Diaz 1956ko martxoan epaitu zuten, bere laguntzaile guztiekin batera. Heriotza zigorra saihestea lortu zuen. 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 1964an atera zen bertatik, hamar urte baino gehiago espetxean zeramatzaten presoei indultu orokorra emateko agindu baitzuen diktadoreak. Donostiarrok oroigarri bat zor diogu. Nirea, letra hauen bidez.