Seguru sentitzen zara?
Segurtasuna etxean, lanean, kalean. Autobusean, auzoko tabernan zein telebistan, segurtasunaz mintzo gara, eta eskuina eroso mugitzen da gai horretan, kaleak arriskuz beteta margotuz eta soluzio bakartzat segurtasuna handitzea proposatuz. Diskurtso horien arabera, segurtasun handiagoa Poliziaren presentzia handiagoarekin lotzen da. Segurtasun ezak eragindako beldurra oso pertsonala da, bizipenetatik eta entzuten dugunetik eraikitzen dugu.
Telesforo Monzon eLab-ek eta EHUko Parte Hartuz taldeak kaleratu berri duten VIII. Naziometroak mahai gainean jarri du euskal herritarron %80,1ak Euskal Herria bizitzeko leku segurutzat dugula. Baieztapen horrek azaleratzen du, inkestako beste datuekin batera, herritarren kezkak ez datozela bat hegemoniko bihurtu diren segurtasunaren inguruko diskurtsoarekin. Askotan, delinkuentzia datuekin soilik lotzen da segurtasunaren afera, baina gazte askorentzat –eta datuek diote jendartearen gehiengoarentzat ere bai– segurtasun falta beste zerbait ere badela.
Segurtasun falta Donostiaren moduko hiri batean alokairua ordaindu ezin izatearekin lotu dezakegu, Osakidetzan itxaron zerrendan hainbat hilabetetan zain egon edota erretirorako pentsio duina ez izatearekin. VIII. Naziometroaren neurketako datuei begiratuta, ondorengo elementu hauek proportzio horietan jartzen dute arriskuan norbere ongizatea edo segurtasun pertsonala. Inkestatutako 1.446 pertsonetatik, %78,4k zerbitzu publikoetarako sarbide falta du kezka iturri, %74,2k erretiro pentsio eskasa izatea, %61,2k kalean eraso sexual bat edo bortxaketa bat jasatea eta %44,5ek Poliziaren jazarpena pairatzea.
Argi dago auzia eztabaida sozial eta politikoaren erdigunean dagoela. Azken hilabeteotan, segurtasunaren pertzepzioa, delituen bilakaera eta polizia jardunaren inguruan aritzea eguneroko albiste bihurtu dira Euskal Herrian. Komunikabideetan eta kalean etengabe dabilen elkarrizketa da, maiz eskuinaren marko eta interes asaldagarriez kutsatua.
«Segurtasuna ez da kontu tekniko edo polizial huts bat; oinarrizko eskubide bat da, gure askatasunarekin eta ongizatearekin zuzenean lotuta dagoena»
Hain zuzen ere, horregatik da ezinbestekoa ikerketa hau. VIII. Naziometroaren honen helburu nagusiak bi dira: batetik, euskal herritarrek segurtasunaren inguruan duten pertzepzio erreala neurtzea (gure beldurrak, arriskuak eta lehentasunak zeintzuk diren jakiteko); eta, bestetik, gure lurraldeko polizia sistemaren inguruko iritzia eta balorazioa mapatzea. Asmoa garbia da: gaia zarata politikotik atera eta datu objektiboak mahaigaineratzea.
Izan ere, eztabaida honek pertsonen bizi kalitateari zuzenean eragiten dio. Segurtasuna ez da kontu tekniko edo polizial huts bat; oinarrizko eskubide bat da, gure askatasunarekin eta ongizatearekin zuzenean lotuta dagoena. Herritarrok nola sentitzen garen edota segurtasun edo segurtasun falta hori zertan oinarritzen den ulertzea funtsezkoa da.
Honek guztiak ezinbestean garamatza polizia sistemaren inguruko hausnarketa sakon bat egitera. Naziometroaren neurketa honek Euskal Herrian dauden Poliziak (Ertzaintza, Udaltzaingoak, Foruzaingoa, Jendarmeria, Guardia Zibila…) herritarrengandik gertu ote dauden, haiekiko zer-nolako konfiantza daukagun eta etorkizuneko erronketarako zer polizia sistema behar dugun aztertu du, eta datuek harridura puntu bat ere sortu dute.
Gure segurtasunaren aldeko diskurtsoa ezin da beldurrean oinarritu; konfiantzan, berdintasunean eta justizia sozialean eraikitako herri baten isla izan behar da. Agian, galdera ez da segurtasun gehiago edo gutxiagoren markoan kokatu behar, zein segurtasun mota nahi dugun horretan baizik.
Nik argi daukat: seguru sentitzeko, ez dut hiperbigilantzia egoerarik behar. Etorkizun duina, komunitate sendo bat eta beldurraren ordez konfiantzan eraikitako harremanak. Hori da, niretzat, benetako segurtasun publikoa.

