'Semaforoa gorri'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Bukatu da uda. Pasatu da uztaila. Pasatu da abuztua. Bukatu dira goiz argitzen ziren egunak. Bukatu dira berandu iluntzen ziren egunak. Gutxiegi erabili dugun bainu jantzia, armairuko azken tiraderan gordetzeko garaia heldu da. Bukatu dira herriko festak, txosnetako garagardoak eta izozkiak. Bukatu dira estropadak, festetako bertso-saioak eta opor usaina. Bukatu dira eguzkitako betaurrekoan, biserak eta galtza motzak. Hasi dira euritako txanodunak, lanazko jertseak eta botak. Hasi dira Behobia helburu duten korrikalarien lehen lasterketak. Hasi dira merkatal guneetan, koadernoak, boligrafoak eta txintxetak. Hasi… bueno, hazi dira Lanbideko ilarak. Bukatu dira eta hasi dira. Bukatu eta hasi. Batzuetan, behar baino beranduago bukatzen dira… besteetan behar baino lehenago hasten da. Uda azkar joan denaren sentsazioa daukat… eta ez pentsa, azkar horrek ematen didala min, joan izana da gehien arduratzen nauena. Egin ditut gauzak… ez gara geldi egotekoak, ez gara geldi egoteko jaio. Saltsero ez da gustuko dudan hitza. Saltsa ogiz gozatzeko da. Salsa dantzatzeko da. Ta ni ez naiz salseroa… nik ez dut geldi egon nahi. Aurreko batean, gauza gehiegitan nagoela esan zidan gertuko batek. Ez nintzela gelditzen. Eta horrek, zer du txarretik? Burua, gorputza, indarra, motibazioa bada… zertarako ez zukutu? Horrenbeste bide ditugu aurrean, bidezidorretatik ibiltzeari uko egiteaz gain, bide berriak sortzea ezinezkoa dela uste arazi digutela. Bideak probatzea eta sortzea ez da kontua baina. Bide horretan, nola ibili baizik. Ez dit axola bidearen zailtasunak, ez dit axola bidearen itxurak. Bidean nola ibili da ardura didana. Nola egin urratsa, nolako urratsa… Gure bidean, semaforoa jartzeak ere ez luke zertan txarra izan. Batzuetan berde, besteetan gorri. Eta gorri dagoenean, aurrera begiratu beharrean… begiratu ezazu ondora. Batzuetan beste bide bat ikusiko duzu, batzutan beste mundu bat, batzutan irribarre bat… eta noiz edo noiz, bide, mundu eta irribarre bat!

