'Señora' gehiago hirian, faborez
Guretik ateratzen den edozerk ondorioak dakartza, lotura puska-ezina parekoarekin. Kalean oinez zabiltzanean gertatzen da; parean datorrena alde batera mugitzen dela pasatzen uzteko, eta, automatikoki, alde berdinera bideratzen duzu gorputza. Momentu horri dagokion urduritasun berezi horrekin beste aldera mugitzen duzu norabidea, besteak egiten duen moduan. Azkenean, barrez, batak ezkerrera bidea hartzen du, eta besteak eskuinera, konplizitate bitxi batek lagunduta.
Halako zerbait gertatu zitzaidan pasa den astean, nire bikotearekin eserita nengoela Egiako banku batean. Besarkatuak ginen, nik aurpegia bere lepoan ezkutatua nuela, berak ilea laztantzen ninduen bitartean. Maitasun eta zaintza ekintza horrek erantzun bat izan zuen: 80 urte inguruko andre bat gerturatu zitzaigun, galdezka ondo ote ginen. Guk maitasuna besterik ez genuela erantzun genuen.
Pertsona disidenteok azkar batean aurreikusi dezakegu pertsona baten gure gaineko begiradak adierazi nahi duena. «Zenbat gustatzen zaidan niri zuen maitasuna», jaurti zigun señora–k begiak malkotan, bere begiradak beste bost mila milioi harrotasun mezu helarazten zizkigularik. I. eta biok besarkatu nahi izan genuen, eta eskutik helduta, zurrun, esan zigun: «Jateko gutxi izan dezakegu, baina, bizitza honetan, benetako maitasuna izatea da baliotsuena».
Eta señora hau ez da bakarra izan. I.-rekin Groseko beste banku batean eserita nengoela –bai, kaleko bankuak bereziki gustuko ditut– beste andre hauetako bat gerturatu zitzaigun. Gu barrez ginela, eskutik helduta eta hankak bestearen hankekin nahastuta genituela hurbildu zen, guri esateko oso politak ginela eta hunkitzen zuela gure maitasunaren esposizioak.
«Lerro hauek idaztea perspektiba ematen ari zait, eta pentsatzen ari naiz, ‘señorak’ izanda lehenengoak gerturatzen, sexualitateari buruzkoak partekatzeko grina izan dezaketela»
Eta horrelako beste hainbat eta hainbat konta ditzaket zutabe honetan. Goxotasunez eta indarrez beteriko mezu hauen atzean zer egongo ote den galdetzen diot neure buruari. Andrea kazetaria agerian, hamaika galdera egingo nizkioke señora–ri. Alaba izango du bollera? Akaso bera izango ote da bollera dena? Armairuan pasako zituen bere 80 urteak edo maitalerik izango zuen? Bere lagunik jipoituko zuten bollera izateagatik? Inoiz ez naiz ausartu galdetzera. Lerro hauek idaztea perspektiba ematen ari zait, eta pentsatzen ari naiz, beraiek izanda lehenengoak gerturatzen, hitz egiteko nahia eta sexualitateari buruzkoak partekatzeko grina izan dezaketela.
Urte batzuk dira bizilagun señora batek, gau giro goxo batean, bere etxea babesleku moduan eskaini zidala. Udako gauetan elkartzen ginen parkean, eta txakurrak jolasean ibiltzen ziren bitartean, gure egunerokoa kontatzen genion elkarri. Behin, armairuez eta sexualitate lesbikoez ari ginela, halaxe esan zidan: «Badakit ezetz esango didazula, baina noizbait, beharrezkoa izango bazenu edo estutasunik baduzu, nire etxera etorri zaitezke». Gure egungo alokairuko etxearen jabeak —86 urteko emakume proletarioa— antzeko zerbait esan zigun kontratua sinatu genuen egunean: «Zuen moduko bikote batentzat nire etxea gotorleku izatea nahiko nuke».
Ai. Nire maitasun bolleroa hiritik astintzen jarraituko dut, eta halako batean beraien azalek dakartzaten memoria historikoa zuekin partekatu ahalko dut. Gora Donostiako señora–k.