Sistemaren kalanbrea
Astelehena, hilak 16. Kolaborazioa tokatzen zaidan asteetan egin moduan, eseri naiz gaur ere ordenagailuaren aurrean barruak askatuz orria betetzera. Gaurkoa, baina, berezia da. Estudioa moldatu eta etxekoak jarri gara mahaiaren inguruan norberak bereari ekiteko. Mugikorrean sartzen den mezu kantitatea ez da ohikoa gainerako astelehenetan. Eta barruko ezinegon hau ez dut/dugu orain arte ezagutu. Aurretik eduki genitzakeen kezkak hauspotu, eta berriak ere sortu ditu Koronabirusak.
Koronabirusak edo, gurean aurretik ongi erroturik ditugun beste hainbat birusek. Horren berri eman ziguten igandeko Berria-n Zuriñe Rodriguez eta Jule Goikoetxeak Errua ez dauka ez, Koronabirusak izenburuko iritzi artikuluan, eta beraiekin guztiz bat eginagatik, ez ditut haiek aipaturiko guztiak hona ekarriko; artikulua irakurri ez baduzue, gehitu egunotako irakurri beharrekoen zerrendara, eta horrela, orain arte ulertu gabekoei topatuko diezue zentzua.
Gaixo dago sistema; aurretik bagenekien arren, sistema ahula dela (ber)erakutsi digu, oraingoan birus batek. Baina, hala ere, ez dio zapaltzaile izateari uzten. Bizitzak erdigunean jartzeko aukera ezin hobea izan duenean ere, kostata ari da horretan; ezinean. Bitartean, menpeko gaituenak ari gara erortzen; pixkanaka pribilegiadun garenok, eta abiadura biziagoan itzaletan bizitzera kondenatuak izan direnak.
Gaixo dago sistema; aurretik bagenekien arren, sistema ahula dela (ber)erakutsi digu, oraingoan, birus batek. Baina, hala ere, entzungor jarraitzen du. Diruaren txin-txin hotsarekin itsutu, gortu, eta gehiengoaren ahotsari, bizitzei, izkin eginez jarraitzen du aberastasuna bila. Beti ere, aberastasun hitza ideologia kapitalista-neoliberaletik ulertzen duela, noski. Izan ere, birusaren aitzakian kalean utzi dituzten langileen «aberastasuna»-k, sistemari, bost.
Errua ez dauka, ez, koronabirusak. Sistemaren gaitza ez du paracetamolak sendatzen. Sistemaren gaitza inork sendatzekotan, herriak sendatuko du, indarrez eta pilula morez. Horretarako, baina, has dadila behingoz bizitzak erdigunean jartzen; ardura indibidualez ahaztu, eta kolektiboetara jotzen.
Baina jakin badakigunez hitzok haizeak eramango dituela, entzungor egingo digutela, itsu jarraituko dutela gure aldarrien aurrean, zaindu dezagun elkar. Besarkadak debekatuak ditugun honetan, askatu barruak eta idatzi/deitu lagun, senide, eta ezagunei; xaboiak birusak nola, hala uxatzen dituzte hitzek hainbat kezka. Jaso, beraz, hitzon bitartez besarkada baten goxotasuna, eta gaitz guztietan batera aritzeko indarra. (K)alanbreetan, aurrera.