'Tourist come home'
Eneko Goia alkate jaun agurgarria: zure azken erabakiak, hotel berriei muga jartzearena, gutun hau idaztera berotu nau. Errespetu osoz diot: turismoak duen hazkunde esponentziala ikusita, urtebetez hotelak eraikitzeko baimenik ez emateak hiria kolapsatzeko zorian utziko du. Arren, gure San Sebastianek hotel eta etxebizitza turistiko gehiago behar ditu, bestela jende oldeari gure etxeko ateak ireki beharko dizkiogu.
Bistan da erabakia soilik estrategia elektoralista hutsa dela, baina hautesle amorratu kexatiei azken unean asetu nahian ibiltzea alferrikako aritmetika da. Azeleragailua gogor zapaldu behar dugu, azken bosturtekoan hotel-plazak bikoztu dira, baina ez da nahikoa, mundu guztiak gure hiri ederra ezagutzeko eskubidea du. Gure oheak estatuko errentagarrienak dira, gehien hazten ari den helmuga turistikoa baikara, eta ez dugu goia jo.
Turista gehiago behar dugu, Goia jauna, gure hiriaren izatasuna eta idiosinkrasia pil-pilean mantentzeko; belle époque garai ederrean bezala, hiri erdia udatiar aberatsez eta beste erdia morroiz osatuz. XX. mendearen hasieran, aristokraziak Donostia Monakoren moduko printzerri bihurtzeko plan bat asmatu zuen, eta hori burutu behar dugu, ETA agertu izanak eten egin baitzuen. Egun, gure bisitariek ez dute koktel molotovik saihestu behar, koktel exotikoen prezioari baino ez diote beldurrik.
Zorionez, garai baketsu eta garesti berri honetan, eta klima aldaketaren laguntzaz, espezimen berriak ugaltzen ari dira gure badian: cayetanoak. Duela gutxi arte Albako Dukesaren familia soilik genuen sailkapen horretan, baina gaur Cristina Oria edo Paulo Airaudoren jatetxe ultrapijoei esker Louis Vuittoneko poltsak ditugu nonahi. Espezie baliotsu berri hau babestutzat jo behar dugu aurki, edo inor ez da gai izango Villa Favoritako tortilla pintxoaren 17 euroak ordaintzeko. Horrela, Woody Allen ez ezik laster The White Lotus edo La Grande Bellezza bezalako erretratu xarmagarri eta dekadente arrakastatsuak ere filmatzeko aproposak izango gara.
Gure helburua betetzeko ezinbestekoa da donostiarrek hiria hustea. Eta ez bakarrik pobreek, erdipurdiko pijo probintzianoak ere herrietara ebakuatu behar ditugu. Kontxako badia eta hiri erdigunea udatiar, errentista eta turista aberastuentzat gorde behar da, eta auzo periferikoak langile merke etorkinentzat; morroiak beti nagusien eskueran, mesedez.
Hori bai, ez ahaztu eliteek erregionalismo adierazpenak maite dituztela, eta folklore indigena tradizionala aurkitzea espero dutela. Horretarako, hiriko Alde Zaharra guztiz sakrifikatu behar dugu, bere zapore pintoreskoa bultzatuz, Ipar Euskal Herrian abarkadunek egiten duten moduan, Parisko bisitarien gozamenerako. Portzierto, Piraten jaiak eta abarrekoak kortsarioen irudi monarkikoengatik ordezkatu beharko genituzke.
Eta ez penarik izan bertoko auzotarrak aterarazteagatik, espekulazioarengatik eta prezioengatik dira beti kexu, baina amamaren etxea oinordetzen dutenean merkatuaren preziorik altuenean saldu edo alokatzen dute. Eta, azken finean, mundu honetan nor ez da turista bat?
Adeitasunez.