Tropikoa, bertan
Izerditan blai amaitu genuen udaberria, eta hainbat herri eta auzotan San Joan suak piztu ezinik hasi genuen uda. Itsasoko ura 25 gradutan izan dugu asteartean. Salda modukoa kasik. Uztailean, itsasoaren tenperaturaren batez bestekoa 21,8 gradutakoa zen Donostian. Ura berotzearekin batera, ur lasterrek euskal kostalderaino ekarri dituzte karabela portugesak edo fisaliak. Planeta osoko itsaso irekietako ur epeletan bizi da animalia bitxi eta ikusgarri hau, batez ere, Ozeano Bareko eta Indiako ozeanoko ur tropikal eta azpitropikaletan eta baita, azken urteotan ezagun dugunez gero, Ozeano Atlantikoko Golkoko itsaslasterrean ere.
Duela gutxi jakin nuen ziztada mingarri bezain arriskutsua eragiten duen animalia hau ez dela marmoka. Hidrozoo sifonoforoa da, hau da, atal desberdinez osatutako polipo kolonia bat. Harrapazan/k! Polipo bakoitzak animaliaren biziraupena bermatzeko funtzioetara bideratua dago, flotazioa, digestioa, janaria lortzea eta ugalketa, baina guztiek elkarlanean dihardute. Ez da, ordea, animalia espezie berria. XVIII. mendean, Lineok jada bere sailkapenean txertatu zuen.
«Bolo-bolo dabil, geratzeko etorri den zerbait dela bero sapa. Hertzainak-en kantu profetikoa partzialki errealitate bihurtua dugu honezkero. Euskadi izango da libre eta tropikala»
Duela hiru urte San Telmo Museoak udako erakusketa eder bezain berezia jarri zuen erakusgai, Clima ideal. Udako kartelak. Udan lotarako koltxa edo manta behar zeneko garaia zekarkiguten kartel sorta zeuden erakusgai. Erakusketaren izena, Klima paregabea, Donostia 1934an iragartzen zuen kartel baten goiburua zen. Termometro bat marraztu zuen diseinatzaileak kartelean, uda partean batez beste neurtzen ziren 22 gradu zentigradoen berri emanez. Ordura arte propagandan erruz goretsi izan ziren beste xarma askoren artetik, hiriko klimaren ontasunak lehenetsi ziren bereziki kartel hartan. Espainiako Estatutik, bereziki barnealdeko muturreko tenperaturetatik ihesi freskura bila zetozen udatiar aberatsentzat, klima erakargarria zen.
Ur lasterren ibilguan gure hondartzetara iristen diren karabelen moduan dabiltza uda partean Parte Zaharreko kaleetan gora eta behera turista saldoak, free tour-en aterkiei segika, kasik urte guztian zehar jada. Turisten etorrera ez baita jada iraganeko udatiarren garaiaren modukoa, uda partera mugatzen zen fenomeno soziala.
Klima aldaketa bertan dugunaren seinale, azken urteotan apenas dakigula xirimiria zer den. Aurten bizitzen ari garen udako sargoriak, hezetasuna goi mailara igoarazi du. Eta bolo-bolo dabil, geratzeko etorri den zerbait dela bero sapa. Hertzainak-ek 1980ko hamarkadan jendea dantzan jartzen zuen kantu profetikoa partzialki errealitate bihurtua dugu honezkero. Euskadi izango da libre eta tropikala. Librea, oraindik ez. Tropikala, baiki.

