Turistifikatutako Donostian, lan prekarioa nagusi
Turismoak aberastasuna eta lana sortzen duela esaten digute sektore horretako enpresariek eta arduradun politikoek, baina zer da lan turistikoa? Nolako lana sortzen du turismoak? Eta nork irabazten du horrekin?
Donostia Turismoa entitateak dio 15.000 langiletik gora ari direla sektorean Donostian; baina zertaz ari gara sektorea aipatzean, zehazki? Heidi Keyser eta Obady eta Marci autoreek hiru kategoriatan sailkatzen dute lan turistikoa. Lehena, turistarekin harreman zuzena duten lanak dira; hoteletako zein jatetxeetakoak, esaterako. Bigarrena, turistarekin zeharkako kontaktua dutenak; hornitzaileak eta garraioetakoak, adibidez. Eta hirugarrena lan osagarriak dira; instituzioak, emergentzietakoak, kale garbiketa… Beraz, lan turistikoak lan mota asko barne biltzen dituela kontuan hartu behar dugu.
Askotan entzuten dugu turismoak enplegua sortzen duela. Baina ez da sakontzen lan baldintzen inguruan. Gipuzkoako ostalaritzako hitzarmena 2023an sinatu zen, hamar urteren ondoren. Hitzarmenak prekarizatutako sektoreari hobekuntza ekarri zion, horien artean, soldataren %12ko igoera eta lanorduen kontrol zehatzagoa. Hoteletako azken bi hitzarmenen negoziazioa langileek greba egiteko asmoa adierazi izan dutenean abiatu da; ekarri dituzten hobekuntzen artean, hoteletako gelak garbitzeaz arduratzen diren langileen osasuna eta lan arriskuaren prebentzioa kontuan hartzea aipa genezake. Bestetik, ezin ditugula ahaztu 2023ko urtarrilean argitara ateratako hiriko bi establezimendutako kontratu ilegalak, lan eta bizi baldintza miserableak eta esplotazio egoerak.
Turismoak sortzen duen aberastasuna oso gaizki banatzen du gizartean. Eta turismoko enplegu prekarizatuenetan langile migranteak, arrazializatuak, emakumeak eta gazteak ari dira lanean, nagusiki. Hotel eta pisu turistikoen garbiketa lanetan, emakume migratu eta arrazializatuak aritzea ohikoa da. Taberna eta jatetxeetako lana «ikusezin» bihurtutako pertsona migratuek ateratzen dute aurrera gehienetan. Gazteek sarritan lan duinago bat lortu bitartean dihardute lan hauetan, denbora baterako. Hirira turismoa erakartzeko antolatzen diren kirol eta kultur makro ekitaldietan ere gazteak izan ohi dira behin-behineko langile.
«Prekarietatearen eta diskriminazioaren kontra borrokatzeko eta eredu ekonomiko orekatuago batera trantsizioa bultzatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da langileen eta herritarren antolakuntza»
Donostiaren turistifikazioarekin aberasten ari diren inbertsiogileek kostuak murriztu eta etekinak handitzea bilatzen dute langileen lan baldintzak prekarizatuz eta hauek esplotatuz: gutxieneko soldatara iristen ez diren enpleguak, lan fisiko eta errepikakorrak, aldi baterako laneko enpresen bidez toki batetik bestera dabiltzan langileak… Hau gutxi balitz, azken urteetan ekonomia «kolaboratzailea» jokoan sartu da, esplotazio eredu berri eta moderno gisa. Herritarren arteko zuzeneko harremanez mozorrotzen dira esplotazioa eta espekulazioa, marketin koloretsuaren bidez. Etxez etxeko janari banaketa (Glovo), alokairu turistikorako etxebizitzak (Airbnb), ostatuetan lan egitearen truke bertan «doan» lo egiteko aukera ematen duten plataformak…
Donostian, desazkunde turistikoaren norabidean eta monolaborantza turistikoa saihesteko, turismoarekin lotuta ez dauden enpleguak sortzea lehentasunezkoa da. Batetik, langileen eskubideak bermatzeko eta lan baldintzak hobetzeko. Bestetik, hiriko eredu ekonomikoa ez dadin egon kalte handiak sortzen dituen, egonkortasunik ez duen eta nazioarteko baldintza klimatiko, energetiko eta politikoekiko hain mendekoa den sektore baten baitan. Donostiako ekonomia dibertsifikatzea beharrezkoa da, eredu orekatuago bat ezartzeko. Horretarako, eraldaketa prozesu planifikatu bat diseinatu eta garatzea da biderik egokiena, gaur egun turismoan diharduten langileak beste sektoreetara bideratzeko formakuntza, diru laguntza eta bestelako neurri sorta inplementatu behar dira; trantsizio oso bat.
Donostia turistifikazioak erasanda dagoen bitartean, langile gisa, arriskuan gaude. Prekarietatearen eta diskriminazioaren kontra borrokatzeko eta desazkunde turistikoaren norabidean eredu ekonomiko orekatuago batera trantsizioa bultzatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da langileen eta herritarren antolakuntza. Ez dugu onartzen gure hiria eta gure bizitzak salduz aberastea.