Txaloak
Hamar urte igaro dira erizaintzan lanean hasi nintzenetik, baina inoiz ez zait tokatu horrelako egoera bati aurre egitea. Osasun langile gisa, nabari da dagoeneko egoera honek gugan eragiten duen estresa eta urduritasuna, baina pertsonalki larrituago nago gizarteak daukan beldurrarekin. Sare sozialetan hainbat eta hainbat langilek euren burua eskaini dute jendeak eduki ditzakeen zalantzei erantzuna emateko, instituzioak ezarri dituzten bideak gainezka daudelako; izan ere, gaixotasun honen inguruan egiten ari den kudeaketa tamalgarria iruditzen zait. Behin eta berriz errepikatzen dute gure arduradun politikoek etxean geratu behar dugula, birusaren kutsatze prozesua mozteko metodo egokiena delako, eta ados nago. Baina ez du ezertarako balio araudi hori enpresa txiki-ertainei, autonomoei, eta orokorrean asko galtzeko daukaten kolektiboei soilik ezartzen bazaie.
Osasun krisian gaudela diote. Bai, baina zuek, agintariek, sortutako krisi bat da. Zuen politikek urteak daramatzate publikoa dena pribatizatzen, baliabideak mugatzen denona den osasun sistema honetan. Beraz, ez dit ezertarako balio zuen esker ona entzuteak, zuek baitzarete egoera honen erantzuleak. Egun hauetan herriaren babesa jasotzen ari gara, eta jakin pila bat emozionatzen gaituela, baina nik txalo zaparrada eskaini nahi diet etxean zaudetenei, artistei, autonomoei, auzoko zaintza taldeak antolatu dituzuenei, ikasle eta irakasleei, gurasoei, zaintzaileei… norbanako interesak alde batera utzi eta kolektiboan pentsatu duzuenoi, zaintza erdigunean jarri duzuenoi. Milesker.