Txantxarreka gaztetxearen aurkako erasoen aurrean, antolakuntzaz aurrera!
Tamalez, azken asteotan, Txantxarreka gaztetxeari hainbat aldiz eraso egin diote. Leihoa babesteko jarritako metalezko egitura puskatu eta barrura sartzen saiatu dira, atea botatzeko hainbat saiakera egin dituzte atea hautsiz, eta kalte materialak eragitea gutxi balitz, barrako dirua ere bizpahiru aldiz ostu dute.
Hau dena, gainera, 10. urteurrena ospatu berri dugun honetan gertatu da. Azken hamar urteotan, hainbat eta hainbat izan dira gaztetxearen aldeko lan desinteresatuz eta antolakuntzaz gainditutako arazoak. Baina horrelako gertaerek izugarrizko kaltea eragiten diote gaztetxeari eta bertan antolatzen den asanbladari. Izan ere, aurten antolatu ditugun lan egunetara hurbildu garen guztion lan eta denbora pikutara bidaltzeaz gain, galera ekonomiko garrantzitsu bat suposatzen dute. Kontuan izanda gainera, udalaren partetik debeku sistematikoak pairatzen ditugula, are zailagoa da jardun normal bat aurrera eramatea.
Hala ere, eraso puntual hauen gainetik, aipatu beharra dago Donostiako Udalak bai Txantxarrekarekiko eta bai gainontzeko gune autogestionatuekiko hartzen duen jarrera oldarkorra. Modu independentean eskaintza kultural eta politikoak antolatzeko ezintasun eta trabak besterik ez zaizkigu jartzen, isunen mehatxuak jasotzen ditugu, eta, ondorioz, gure jardunerako ezinbestekoak diren ekitaldiak egiteko ezintasuna izaten dugu.
Kontrara, Txantxarrekak auzoan betetzen duen papera funtsezkoa dela uste dugu. Izan ere, pairatzen dugun egiturazko krisi honen aurrean, modu independentean antolaturiko espazio benetan gutxi geratzen dira. Aldiz, gazte langileon antolakuntza propiorako, gazteriaren despolitizazioari aurre egin eta kultur espazioak sustatzeko, aisialdirako eta abar luze baterako potentziala duten espazioak direla uste dugu.
Horregatik ibili gara, jada pasatu den urteurrenaren harira, hainbat egitarau antolatzen. Iazko errepaso bat egitearren, otsailetik maiatzera arte lan egun mordoa egin genituen gaztetxearen baldintzak hobetzeko. Udararekin batera, auzoko artistekin Rap Showcase-a, ostegunero mojito txapelketak, magia ikuskizunak eta antzerakoak, tartean ere Poliziaren funtzioa aztertzeko mahai inguru bat antolatu genuela. Irailean, kuadrillen arteko olinpiadak, gazte bazkariarekin eta gaueko kontzertuekin. Azkenik, urtearekin amaitzeko, Gabonetako egitarau bat antolatu genuen kontzertu, hitzaldi, tailer eta proiekzioekin, gaztetxearen urteurreneko abestia zein kamisetak aurkeztuz.
Orokorrean, aurrera begira hainbat ideia dauzkagu buruan, erasoen kalteak konpontzeko programatuko ditugun lan egunetatik hasita. Amaitzeko, auzoko gazteak animatzen ditut bai egitarauetan, lan egunetan edo asanbladan parte hartzera, datozen urteetan gaztetxeak erreferentziazko eta borrokarako espazio izaten jarrai dezan.