Txillardegi
Euskal Herriko hizkuntzalari eragile eta idazle handi bat zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Euskal kultur arloan, intelektualik emankorrena, zalantzarik gabe. Antiguakoek eta donostiarrok harrotasunez esan dezakegu hori lotsarik gabe. Antiguan jaioa zen 1929. urtean. Etxean euskara ez zioten erakutsi, eta bere kabuz ikasten hasi zen 20 urte zituela.
Arazo sozio-politiko eta kulturalekin sentsiblea zen. Behartua ikusi zen 32 urterekin, 1961. urtean, erbesteratzea. 1977. urtean itzuli zen Donostiara; ordutik hemen bizitu zen. Lan kultural, politiko eta sozial eskerga bat eginez.
2012. urtean hil zen Donostian, urtarrilaren 14an, 82 urterekin. Pertsonalki ezagutu aurretik, banuen bere berri; irakurriak nituen bere aurreneko eleberriak: Leturiaren egunkari ezkutua, Peru Leartzako eta Elsa Scheelen. Euskaraz irakurtzen nituen aurreneko eleberriak ziren, eta hunkituta gelditu nintzen. Baita ere irakurriak nituen zenbait artikulu eder desagertu zen Zeruko Argia hartan.
1990. urtean Zorroagako fakultatean, EHUko Soziolinguistikako irakasle zela, ezagutu nuen. Biok Antiguakoak izanik, adiskide egin ginen. Garai hartan, auzoari buruzko lan eder bat egiteko asmoarekin zebilen. 1992an argitaratu zen euskaraz. Antigua 1900 zuen izena, lan mardula eta polita, iraganeko gure auzoari eskainitakoa. Era berean, harrigarria eta sentimenduz betea.
Liburu honetan, nire bizipenak ikusi nituen islatuta; Txillardegik berak aurretik bizitakoak nik ere bizitu nituen hamabost edo hogei urte beranduago. Nik ere ezagutu nuen Antigua euskaldun hura. Txillardegik dio industrializazioarekin XIX. mendearekin, gaztelera Antiguara heldu zela. Aldiz, Antiguako jendea euskalduna zen eta euskaraz bizi zen ordura arte. Nik ezagutu ditut euskaldun elebakarrak Antiguan, batzuk nire familian bertan. Adibidez, Antigua auzoko familia medikua izateko euskalduna izan behar zuen nahi eta nahi ez. Geroztik izugarrizko eraldaketak izan dira hizkuntza, paisaia eta gizarte aldetik.
Donostiarrok Irutxulo sortu genuen, Donostiako astekaria; egun, Irutxuloko Hitza dena. Txillardegik berak animatu ninduen kolaborazioak egitera. Honela, 1994ko apirilaren 15ean argitaratu zen lehen zenbakian azaldu zen Ezagutzen duzu Donostia? atala. Egun hartatik astez aste hiru urte luzez, 1997ko apirilaren 18an artikulu horiek argitaratzeari utzi zitzaion arte.
Lehendabizi baserria eta ondoren landetxea izan zen Txillardegi. Jose Luisek 25 urte zituela, gaitzizen bezala hartu zuen Txillardegi izena, bere sortetxearen ondoan zegoen etxearen izenaren usadio zaharra jarraituz. Eta izengoiti horrekin Txillardegik bere bizitza egin zuen.
Landetxea zegoen orube hartan plaza bat egin zen, eta udalari eskatu zitzaion etxearen oroimena gordetzeko, Txillardegi izena jartzeko, Antiguako etxe nagusia izen baitzen bere garaian. Horren ordez, Gaskonia izena jarri zioten. Merituak eta politika bereizi egin behar dira, baina zenbaitek ez dakite –edo ez dute nahi–. Horrela alboratzen dituzte Txillardegi Antiguako toponimo historikoa eta Jose Luis Alvarez Enparantza idazlea