Txillardegi, 'Leturiaren egunkari ezkutua', Bilbon, Arriagan. Eta Donostian, zer?
Horrela ematen zion hasiera Iñigo Astizek, ekainaren 2an, Berria-n, sinatutako artikuluak:
“Bilboko antzoki nagusian eta 400 irakurleren baino gehiagoren ahotsen babesaz, lehen mailako aitortza jasoko du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazleak etzidamu. Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegiak haren Leturiaren egunkari ezkutua nobela hautatu du aurtengo Klasikoen Irakurraldi Jarraiturako. Gaur egin dute aurkezpen ofiziala, eta Joseba Sarrionandia idazlea ere izan da bertan. Hark irakurriko ditu Txillardegiren liburuko lehen lerroak irakurraldian, eta eleberriari eta idazleari buruzko hainbat gogoeta egin ditu prentsaurrekoan. Besteak beste, Txillardegik euskal literaturaren eta euskararen estandarizazioaren alde egindako lana goraipatu ditu Sarrionandiak, eta salatu ere haren lana orain artean behar baino gutxiago aitortu izan dela; adibidez, orain artean uko egin zaiolako Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeari. «Txillardegiri ez zaio aitortzarik egiten ETArekin lotzen delako», azaldu du Sarrionandiak, «baina ETAko haren militantzia gainbaloratuta dago; arma gehiago ukitu zituen Coruñako soldaduskan»”.
Ekimen beraren inguruko berria irakurri nuen Zuzeu-n, Karolina Almagia kazetariaren eskutik. Besteak beste, honakoa jasotzen zuen:
“Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak parte hartuko du: kultura- eta gizarte-eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakunde mota guztietako ordezkariek. Besteak beste, Arriagatik pasatuko dira Ibone Bengoetxea sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia edota Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, herri elkarteetako ordezkariak, euskaltzainburuak, unibertsitateko errektoreak, hedabide, irakaskuntza eta sindikatuetako ordezkariak, ekonomista, abokatu eta ingeniarien kolegioetako partaideak eta beste asko. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira. Horri antolakuntzan egongo diren beste 50 boluntario gehitu behar zaizkio.” (letra lodia nik jarria da) Aitor Esteban eta Miren Arzallus ere izan ziren irakurleen artean.
Hiru aipamen labur
Ibon Sarasola. “Baionako biltzar horren arima Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan zen. Azpimarratu nahi dut Txillardegiri zor diogula, azken batean, egungo euskara estandar batuaren miraria. Txillardegiren eraginik gabe ez zen Baionako biltzarra sortuko, eta biltzar horrek ez zuen euskara baturako proposamenik egingo, eta oinarri hori gabe Euskaltzaindiak ez zuen, Koldo Mitxelenaren zuzendaritza erabakigarriaren pean euskara batua taxutuko.” (2018).
Miren Azkarate. “Europako haize berri eta freskoa euskal literaturara ekarri zuena. Jose Azurmendik oso ondo definitu zuen, Txillardegi izan zen bide urratzaile edo bide irekitzailea. Erbestera joan zenean, Frantzian, Belgikan, lortu zuena, ikusiaz Euskaltzaindiak ez ziola berak nahi bezala erantzuten, garai hartako idazleak bildu, eta, 64an Baionan akordio batzuk lortu zituzten, batez ere ortografiari buruzkoak, horiek Euskaltzaindira bidali…” (Txillardegiren Klika, dokumentala).
Bernardo Atxaga. “Orain dela urte batzuk hasi nintzen ETAren dokumentuak irakurtzen, historikoki. Hor aurkitu nuen, nere ustez, Txillardegik idatzitako txosten bat hizkuntzari buruz hirurogeita gutxitan eta, oso, iruditu zitzaidan oso argia. Harritu ninduen zein argia zen garai hartan.” (Txillardegiren Klika).
«Noiz arte zigortu behar gaituzte euskaldunak Txillardegi bere hiriko mapatik eta memoriatik ezabatuz? Oldarraldiak baditu milaka aurpegi»
Eta Donostian zer?
“Azpian sinatzen dugun Donostiako idazleok eskaera aurkezten dugu Donostiako Udalean, hiriaren Liburutegi Nagusia “Txillardegi Liburutegia” izenda dezan. Honela, gure hizkuntzari eta gure hiriari hainbeste eman dion idazlearen oroimenak merezi duen lekua hartuko luke, Koldo Mitxelenak, Carlos Santamariak eta Inazio Mª Barriolak hartu duten bezala. Urrezko Domina eman zionez, esan gabe doa Donostiako Udalak ezagutzen dituela Txillardegiren merituak bere izena hiriaren barruan txerta dadin kulturaren eta bereziki irakurketaren eragin-gune gisa”. Sinatzaileak: Ramon Agirre, Jokin Ansorena, Joxe Austin Arrieta, Harkaitz Cano, Rafa Egiguren, Mikel Hernandez Abaitua, Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre, Ibai Iztueta, Fito Rodriguez, Beñat Sarasola, Ibon Sarasola, Ana Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Dorleta Urretabizkaia, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua. (2013-12-03 Euskararen eguna).
Guztiok ondo dakigun moduan EAJ, PSE eta PP alderdien ezetza jaso zuen idazleen eskaerak. Geroztik hamaika ekimen egin ditugu Txillardegik eta euskaldunok merezi dugun aitortza publikoa eskatuz. Alferrikakoak horiek ere.
Urtarrilean Jon Insaustiri bilera eskea egin genion “Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenaren” izenean, presarik gabe bilera egiteko, eta, Txillardegiren jaiotzaren 100. urteurrenerako (2029) gaia era egokian bideratzeko. Oraindik ez dugu alkatearen aldetik erantzunik jaso.
Noiz arte zigortu behar gaituzte euskaldunak, euskara eta euskal literatura beste ororen gradura ekartzeko ezinbesteko izan zen Txillardegi, bere hiriko mapatik eta memoriatik ezabatuz? Oldarraldiak baditu milaka aurpegi.

