Txillardegiren legatuari estimua?
Erakusketa antolatu du EHUk Donostiako campusean, Txillardegi aretoan.
Izena: Euskal Herriko eta Nafarroako zuhaitza bereziak.
Lekua: Centro Carlos Santamaria zentroa – Sala Txillardegi aretoa.
Helbidea: Plaza de Elhuyar, 2.
Hiru lerro soilik, eta aldi berean, zenbat esaten duten… Aretoaren izena Txillardegi da, bai, baina Txillardegiren bizitza osoko lana, ekarpena eta borrokari errespetu gutxi: Nola Euskal Herriko eta Nafarroako? Ez al gara zazpiak bat? Euskal Autonomia Erkidegoa eta Euskal Herria ez dira gauza bera, inondik inora. Nola zuhaitza bereziak? Zuhaitz da forma zuzena. Txillardegik Euskal Gramatika idatzi zuen 1978an, baina kasu honetan, euskal gramatikari jaramon handirik ez. Nola centro … zentroa, plaza de...? Egoera honetan ere euskara baztertu, eta gaztelaniari lehentasuna eman?!!
Donostiako Udalak berak ere esaten du bere araudian euskarari eman behar zaiola lehentasuna, eta bi hizkuntzetako hitzak oso antzekoak direnean, euskara bakarrik erabiliko dela (Udalerrian euskararen erabilpena normalizatzeko Arauak – 14. eta 20. artikuluak). Zein da arazoa Carlos Santamaria Zentroa – Txillardegi Aretoa, Elhuyar Plaza bakarrik jartzeko? Unibertsitatea ez al da honen aldekoa? EHUn euskara ez al da zaindu eta berreskuratu beharreko giza eta kultur aberastasuna? Txillardegirentzat funtsezkoa zen, baina Txillardegi aretoan ez, ikusten denez.
Laster hauteskundeak EHUn. Erakusketa honen iragarkiak ederki laburbiltzen du Eva Ferreira errektorea eta bere taldea non kokatzen diren gure herri identitatea eta hizkuntzarekiko. Gehiago esan beharrik al dago?