Txis, pun! KORRIKA!
Txikitatik liluratu nau Korrikak. Txis pun! KORRIKA! letraz letra abesten ikasi genuen Pirritx eta Porrotxen eskutik. Haurrak ginela parte hartu genuen gure auzoko Korrika Txikian, eta bai, gure onena eman genuen metro gutxi horietan euskararen alde eginez. Gurasoekin joaten ginen ondoren Korrika auzotik pasatzen zen momentua ikustera, eta nola ez, pixka batean tropela jarraitzera. 2011n Donostian bukatu zen Korrika, eta festa egun horretan erosi genituen gure izenak zituzten lauburudun lepokoak. Oroitzapen onak ditut Korrikarekin, eta bi urtean behin, grina hori berpiztu egiten da nire baitan.
Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde Korrika dabiltzala. Are hunkigarriagoa da lekukoa zuk zeuk eramatea, zugana iritsi aurretik eskuz esku ibili den lekukoa metro batzuetan norberak heltzea, eta ondoren beste norbaiten eskuetan askatzea.
Datorren larunbatean pasatuko da Korrika Euskararen Hiritik. Ea, ba, gure hiriari jarritako kategoria horren maila ematen dugun orain, eta baita aurrerantzean ere.
Euskal Herriko txoko askotatik ibiliko da 23. Korrika. Elkarren artean gertu dauden Irunek eta Baionak, milaka kilometro egin ondoren egingo dute bat. Euskal Herri osoa zeharkatuko dugu Korrika. Euskal Herria erdibitzen duen muga baten ondoan abiatu zen atzo, eta jarraituko du babesgabea den lurretan barrena. Nafarroan zonifikazioa, EAEn 40 urte dituen Euskararen Legea eta Iparraldean… Han nonbait izanik ez duen arren, izena badu, eta bere lekua egiten du zapaltzaile handien artean.
AEK-ko kide den Aize Otañok dioen moduan, «Harrotasunez adierazi behar dugu harro gaudela baina ez konforme, euskararen biziberritzerako eta normalizaziorako urratsak eman ditzaten». Ez gaude konforme hizkuntza-politika ez-aurrerakoiekin, ez gaude konforme sektore publikoko hizkuntza eskakizunen harira epaitegiek hartu duten jarrera oldarkorrarekin, eta ez, ez gaude konforme euskaraz aritu ahal izateko korrontearen kontra aritzearekin.
Datorren larunbatean pasatuko da Korrika Euskararen Hiritik. Asko esatea da hori! Ea, ba, gure hiriari jarritako kategoria horren maila ematen dugun orain, eta baita aurrerantzean ere.
Tipi-tapa, tipi-tapa, KORRIKA!