Txiza
Pandemiaren aurretik arazoa existitzen bazen ere, normaltasun berriak agerian utzi du komun publikoen eskasia, batez ere auzoetan. Taberna ala kafetegi batean besterik gabe sartu eta bertako komuna kontsumitu barik erabiltzea dagoeneko ez da aukera bat. Egia da pandemiarekin hirian dauden komun publikoen garbitasun maila nabarmen hobetu dela, baina komun gehiagoren falta nabaria da.
Hiriko komun publikoen kokapenean aditu zorrotza bilakatu nau haurdunaldiak, eta bestelako erabiltzaileen drama txikiak konpartitu ditut larritasun bidaietan, dela adineko pertsonak, haur txikiak dituzten gurasoak, hilekoa duten emakumeak… sarriegi ahazten dugu gizaki garen heinean beharrezkoak ditugula komunak, eta ez soilik txizagura asetzeko.
Komun publikoen falta nabarmena bada, azkenaldian modan jarri diren komun auto-garbitzaileek egoera zaildu besterik ez dute egin. Inoiz halako komun batean sartzera ausartu zaretenok jakingo duzue zeinen konplikatuak diren; oraindik gogoan dut emakume gajo bat garbitze prozesuan bertan trabatuta gelditu zenekoa, ura alde guztietatik ateratzen zitzaion bitartean garrasika.
Guztiarekin, moldatzen gara txizalarria edota bestelako larritasunak pairatzen ditugunok; eta larritasuna jasanezina bihurtzen denean, kafetegi batean sartu eta «komunera noa, oraintxe eskatuko dizut ebaki bat» azkar bat botatzearekin kitto.
Horregatik, sutan jartzen nau kalean inongo erreparorik gabe galtzetako kremailera jaitsi eta lasai asko txiza egiten duten gizonen lasaitasunak. Edozein leku txizatoki bilakatzeko askatasun eta gaitasun itzela duten gizon horiek lotsa ala beldur izpirik gabe ureztatzen dituzte paretak, zaborrontziak, lorategiak… ez dute sikiera ezkutatzeko keinurik egiten. Zertarako? Izan ere, espazio publikoa gizonena den heinean, haien behar fisiologikoak asetzeko lekua ere badira, eta koitadua haiei hurbildu eta zerbait esatera ausartzen dena.
Ez, kalean txiza egiten duten gizonek ez dute ezkutatzeko beharrik, haien ekintzak zigor ekonomikoa ekarri dezakeen arren. Pixka nonahi eta nahieran egiteko askatasun horrek ez dio larritasun fisiologiko bati erantzuten, kalea norberarena denaren sinesmenari baizik. Animalien antzera, lurraldea markatzeko senari men egiten diotela dirudi, inguruan gabiltzanoi argi utziz kalean txiza egiteko eskubidea dutela gizarte garatu batek ezarritako bizikidetasun legeen gainetik. Gustura geldituko dira bederen.